GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

«Lehen helburua behin jasotzea da, baina, ahal badut, jasoaldi gehiago ere emango dizkiot»

p040_f01.jpg

Idoia Etxeberria

Harri-jasotzailea

Idoia Etxeberria datorren igande arratsaldean Irurako plazan arituko da, 137,5 kiloko harri errektangularrarekin bost minutuko txanda bakar batean marka berria jartzeko asmoarekin. Orain artekoa Miren Urkiolak dauka, 133koarekin, eta hori ondu nahi du. Oriotarrak 17 urte besterik ez ditu, eta jadanik Euskal Herriko txapela ere jantzi du. Etorkizun oparoa du aurrez aurre.

Jon LEUNDA

Idoia Etxeberriak marka ahalegina egingo du igande arratsaldean, Iruran. 137,5 kiloko harri errektangularra jasotzen saiatuko da, emakumezko batek plazan orain arte inoiz egin ez duena egiteko.

Hasiera batean 135 kiloko harria erabiltzeko asmoa zenuen, baina azkenean 137,5ekoa erabili behar duzu. Zergatik aldaketa?

Hasiera bateko helburua Urkiolaren marka apurtzea zen; berak 133 kilokoa dauka jasota, eta hori apurtu nahi nuen. Gero, entrenatzen hasi ostean, nire gorputza ongi ikusten nuen eta kiloka joan beharrean arroaka joatea erabaki genuen; hala, 11 arroako harria egin didate, eta harri horrekin joango naiz plazara.

Hori indartsu zaudenaren seinalea ere izango da, ezta?

Beno, nire gorputza ongi ikusten dut. Gerrian eta arazo batzuk izan ditut, baina orain ongi nago, eta gogoarekin.

Azkenean 11 arroako harriarekin joateko hautua egin baduzu, hori ongi jasotzen duzun seinalea ere bada, ezta?

Bai, hala da. Ni neu, markak egitera joan naizen guztietan, aurretik harria etxean ongi jasota joan izan naiz. Hala ere, argi dago ez dela gauza bera etxean jasotzea edo plazan egitea. Etxean lasai aritzen zara, badakizu akatsak zuzentzeko aukera daukazula, baina, plazan, aldiz, ez dago horrelakorik; plazan huts egiteak markarik gabe geratzea esan nahi du.

Igandean egingo duzu marka saiakera, eta, hain zuzen ere, igandean beteko da urtebete 120 kilokoa jaso zenuenetik. Zertan aldatu zara ordutik?

Orduan astean bitan edo entrenatzen nintzen, eta orain, berriz, egunero. Harriarekin ez bada, gimnasioko lanak egiten ditut; egunero-egunero ari naiz lanean. Agian entrenatzaileak asteko egunen bat ematen dit jai, baina, normalean, egunero ari gara. Uste dut gorputza apurka-apurka jartzen joan zaidala.

Helburua zer izango da, jasoaldi bakarra ematea, edo, ahal izanez gero, harriari altxaldi gehiago ere ematea?

Hasierako helburua marka apurtzea da, eta hori jasoaldi bakarra eginda ere lortuko dut. Hori bai, ongi banago, saiatuko naiz jasoaldi gehiago ere egiten.

Zeintzuk dira zuretzat unerik larrienak, hasi aurreko minutuak edo lanean aritu beharreko bost minutuak?

Hasi aurrekoak. Behin plazara atera eta harriaren aurrean jarriz gero, lasaiago aritzen naiz, baina, aldiz, aurreko minutuak, hau da, aldagelan aldatzen ari naizenean, berotze ariketak egiten ditudanean.... nahiko txarrak izaten dira.

Igandean orain arte emakume batek inoiz egin gabea egin dezakezu. Ardura sortzez gain, poztasuna ere eman behar du horrek, ezta?

Bai, bai, eta ez beste batek duen marka gainditzen duzulako, edo beste neska batek ez duelako horrelakorik inoiz egin. Hasteko, niregatik. Egunero ari naiz entrenatzen, harri hau jasotzeko ari naiz lanean; plazara joan eta hori lortzeak bakarrik ematen du indarra eta poza.

Zerk sortzen dizu urduritasun gehiago, txapelketa batek edo marka saiakera batek?

Marka saiakera batek. Txapelketa batean hiru harri dauzkazu, eta, batean huts egiten baduzu, badituzu beste bi horri buelta emateko. Hemen, aldiz, ez; hemen harria jaso edo ez da kontu bakarra. Txapelketa batean, gainera, badakizu harririk jaso gabe ez zarela geratuko; agian ez duzu irabaziko, baina harriak jasoko dituzu. Marketako kezka nagusia jaso gabe geratzea da.

Oraindik 17 urte besterik ez dituzula kontuan izanik, sekulakoa izango da 137,5 kiloko harria jasotzen baduzu. Ez al zaizu iruditzen zure markak asko ondu ditzakezula?

Nik uste dut baietz. Oraindik denbora gutxi daramat harriak jasotzen, eta 17 urte besterik ez ditut. Gainera, ez dut puska batean uzteko asmorik; saiatu, saiatuko naiz.

Zure marka saiakerak ikusmin handia piztu du, eta, ematen duenez, jendetza bilduko da zure saioa ikusten. Horrek aparteko urduritasunik sortzen al dizu?

Ez, ez, kontrakoa, indarra ematen du. Erakustaldi batera joandakoan ere, ez da berdina jende gutxiren aurrean jardutea edo askoren aurrean jardutea. Horregatik, igandean ere, hobe jendetza batzen bada.

Harriak jasotzen hiru emakume zabiltzate egun, baina ez dirudi gehiago animatzen denik. Zer gertatzen da?

Ez dakit, baina nik horrelaxe jarraituko dugula uste dut. Urkiola eta Sardonek 20 urtetik gora dituzte; ni, aldiz, gazteagoa naiz. Ikusi da gazteak zein zaharragoak ere has daitezkeela harriak jasotzen, baina ez dira animatzen. Ni oso gustura ari naiz harriak jasotzen; ikaragarri gozatzen dut kirol hau egiten.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo