GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jon Iurrebaso aske geratu da baldintzapean, baina ezingo du Parisetik irten

Parisetik ez irtetea eta astean bitan polizia etxera sinatzera joatea dira preso bilbotarrari aske geratzeko jarri dizkioten baldintzak. Hiru urte eman ditu espetxean eta larriki gaixo dagoelako irten da kalera.

p010_f0428256.jpg

GARA | DONOSTIA

Jon Iurrebaso preso politikoa baldintzapean aske geratu zen asteartean hiru urtetik gora espetxean eman ondoren. Iurrebaso gaixotasun larri bat izateagatik utzi dute libre, baina, aldiz, hainbat baldintza bete beharko ditu; besteak beste, ezingo da Parisetik atera eta astean bitan polizia etxera joan beharko du sinatzera. Bilboko bizilaguna 2007ko martxoaren 29an atxilotu zuen Polizia frantsesak Perigueux (Dordogne) herrian, ETAko kide izatea leporatuta. Azken hiru urteotan La Sante eta Osnyko espetxeetan egon da atxilo.

Laureano Ortega GRAPOko presoak, berriz, bihotzekoa izan zuen atzo goizean eta Cadizko espetxera eraman zuten. Portugaleteko presoa Puerto I espetxean dago egun eta orotara 18 urte daramatza kartzelan. Larri baina egonkor eraman zuten erietxera; iluntze partean, aldiz, familiak ez zuen bere egoeraren gaineko berri gehiagorik.

Estatu espainolak zein frantsesak euskal presoen aurka daramaten espetxe politikaren ondorioz, hainbat dira uneotan baldintzapeko askatasunean edo segurtasun neurri zorrotzen pean beren atxiloaldiak etxean betetzen ari diren presoak. Joan Jose Rego Vidal Intxaurrondoko bizilaguna pasa den otsailean irten zen Dueñasko espetxetik. Aldez aurretik, Mikel Gil, Belen Gonzalez, Bautista Barandalla, Angel Figueroa eta Maria Dolores Gorostiaga irten ziren espetxetik. Hala ere, aldian-aldian sinatzera joan beharra dute, eskumuturreko telematikoak eraman behar dituzte edo kalera irteteko ordutegi mugak dituzte. Gainera, beste bost euskal presok espetxean jarraitzen dute gaixotasun larriak izan arren.

Bestalde, amnistiaren aldeko mugimenduak argitu duenez, Segiren aurkako sarekadan atxilotutako Aitor Liguerzana gasteiztarrak espetxean jarraitzen du, Auzitegi Nazionalak fidantzapeko askatasuna agindu arren. Gasteizko jaietan izandako istilu batzuen ondorioz bi urteko zigorra jaso zuen. Zigor horrek bi urte eta egun bateko muga gainditzen ez duenez, ez luke zertan espetxean egon; aldiz, epaitegitik zigorra betetzen hasiko dela jakinarazi diote. Errekurtsoa jarrita dago.

Miaketak espetxeetan

Haritz Arginzoniz eta Karmelo Lauzirikak aurrez aurrekoak galdu dituzte Huelva eta Puerto I espetxeetan miaketak direla-eta. Etxeratek jakinarazi duenez, Lauzirikarekin senideek abendutik daramate aurrez aurrekorik egin gabe. Era berean, bi ezezagun Picassenteko (Valentzia) espetxean pasa den larunbatean presoen senide eta lagunei argazkiak ateratzen aritu zirela salatu du Etxeratek.

Bestalde, atzo, Donostiako Gros auzoan 40 lagun elkarretaratu ziren euskal preso politikoen eskubideen alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo