GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Kargugabetzea sententzia politikoa da, juridikoki ez baitu inolako zentzurik»

p013_f02_097x144.jpg

Asier Agirre
Aramaioko alkatea

Sorterri duen Aramaiok 2007an hautatu zuen Asier Agirre alkate gisa, eta ordutik herriaren kudeaketan lanean dihardu. Aramaion AHTren gaineko galdeketa egin eta hiru urte geroago alkatea epaitu ondoren, joan den astean zazpi urtez kargugabetu zuen Arabako Probintzia Auzitegiak.

Zuriñe ETXEBERRIA

Iragan astean izan zuen Asier Agirre Aramaioko alkateak, apirilaren 14an epaiketa izan ostean, Arabako Probintzia Auzitegiaren epaiaren berri. Epaileak 2007an Aramaion abiadura handiko trenaren inguruan egindako galdeketagatik Agirre zazpi urtez kargugabetzea erabaki du eta, horrez gain, prozesu judizialaren kostuak bere gain utzi ditu. Alabaina, Agirreren abokatuak dagoeneko helegitea aurkeztu du, «horrek ez duelako ez bururik ez hankarik».

Orain lau urteko azaroan, sinaduren bitartez 685 herritarrek AHTren gaineko galdeketa egiteko eskatu zioten Udalari. Udalak ekimena onartu arren, Arabako Auzitegiak debekatu egin zuen eta, hala ere, 2007ko hauteskundeen ostean, herritarrek eurek antolatu zuten. Orduan, Estatu espainolaren abokatuak, herritarren kontra jo ezin zuenez, alkatearen kontra egin zuen.

Horren haritik, 2010ko apirilaren 14an Asier Agirreren kontrako epaiketa egin zen Gasteizko auzitegian. Aramaioko zenbait herritar ere izan ziren bertan eta AHT Gelditu Elkarlanak ere kontzentrazioa egin zuen alkatea deklaratzera sartu aurretik.

Epaileak erabaki hori hartuko zuenik espero al zenuen?

Atsekabez jaso nuen berria. Finean, herri batek bere etorkizunaren gainean antolatzeko eta hitza emateko momentua izan duenean... alkatea kargugabetzea eman dute erantzun gisa. Horrek ez dauka ez bururik ez hankarik.

Epaia jaso bezain pronto helegitea aurkeztu duzue. Zertan oinarritu duzue?

Prozesu hau ulertzeko bi gauza bereiztu behar dira. Batetik, alde juridikoa eta, bestetik, alde politikoa. Juridikoki sententzia honek ez dauka zentzurik. Izan ere, ez dago inolako probarik nik neuk edo Aramaioko Udalak kontsulta hori antolatu zuela esateko. Eta, azkenean, hori da egiten duten akusazioa, alegia, Gobernu espainolaren ordezkaritzaren baimenik gabe egin zela galdeketa.

Bestalde, epai politiko bat dela esan beharra dago. Zer eta zenbait herri antolatzen hasi ginelako eta herritarrak mobilizatzen hasi zirelako AHT proiektuari aurre egiteko. Proiektu honen aurrean iritzia emateko duten eskubidea bermatzeko antolatu ziren herritarrak.

Argi dago, herri mobilizazio hau bati baino gehiagori ez zaiola batere gustatu. Honen aurrean, turko-buru bat behar zuten, kasu honetan niri tokatu zait eta zazpi urteko kargugabetzea ezarri dute.

Zein da horren aurrean egiten duzun irakurketa?

Lehenik eta behin, herritarren hitza errespetatu beharra dagoela. Udalek zein ordezkari politikoek ezinbestean herritarrei hitza eman behar digutela eta hitz hori errespetatu behar dutela uste dut. Are gehiago, honelako makroproiektu baten aurrean.

Bigarrenik, gure etorkizuna, herritar zein herri moduan, bai Aramaio baita Euskal Herria ere, kolokan jartzen duen proiektu baten aurrean hitza eman behar digute; gure eskubidea da hori.

2007ko hauteskundeen ostean, Aramaion herritarrek galde- keta antolatu zuten. Bertan, auzokideen %54k bere iritzia plazaratu eta horietatik %97k ezezkoa eman zion proiektuari. Nola hartu du herriak zure aurkako epaia?

Ostiral honetan agerraldi bat egiteko asmoa dute eta bertan plazaratuko dute herriaren iritzia. Hala ere, niri transmititu didatena zera da, epaia eta epaiketa bera erokeria direla. Herri batek bere iritzia emateko aukera izan duenean honelako erantzuna jasotzea ez da normala.

Zentzu horretan, herri mobilizazioek aurrera jarraituko dute Aramaion?

Bai. Azken batean, ni lau urtez Aramaioko herriko kudeaketa garatzeko eta aurrera eramateko aukeratu ninduten herritarrek. Horrenbestez, epaitegi batek kaleratzen duen sententzia batek ez nau hemendik kenduko, herrian lan egiteko etorri bainintzen.

 

mobilizazioa

«Argi dago AHTren kontrako herri mobilizazioa batek baino gehiagok ez duela begiko»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo