GARA > Idatzia > Ekonomia

Esne makinen arraskasta lorpen handia dela esan du EHNEk

Orain urtebete jarri zuten martxan Ordizian eguneko esnea zuzenean saltzeko makina. Jada halako 12 makina daude herrialdean eta laster beste hiru jarriko dituzte. EHNEren iritziz, makinek lortu duten arrakasta «ate-joka datorren kontsumo arduratsu, iraunkor eta kalitatezkoaren ataria da». Horrez gain, ekimen honen lehentasunak gertutasuna, kalitatea eta lurrari lotutako produkzioa direla nabarmendu du.

p029_f02_097x144.jpg

A.Z.

Esnearen zuzeneko salmentak azken urteotan izan duen beheranzko joera iraul daiteke. Horixe baieztatu zuen atzo EHNE sindikatuak Ordizian, iazko irailean martxan jarri zen esne makinaren ondoan eskaini zuen prentsa agerraldian. Oro har, pozik agertu ziren sindikatuko kideak azken urtean Gipuzkoan martxan jarri diren makinek lortu duten «arrakasta» lorpen handia dela iritzita.

Hala, eguneko esne pasteurizatuari dagokionez, eskaria egon badagoela nabarmendu zuten eta Gipuzkoan azken urtean martxan jarri diren hamabi esne makinek eskari horri erantzun egokia ematen diotela. Alde horretatik, epe motzean Gipuzkoan beste hiru makina gehiago jarriko direla jakinarazi zuten, Hondarribian, Trintxerpen eta Zumarragan hain zuzen ere.

Izan ere, esne-makinen ekimenak «abiadan» hartu duela indarra esan zuen EHNEk eta esne ekoizleak pozik agertu direla. Salmentaren bilakaeraren inguruan, oro har kasu guztietan antzekoa izan dela azaldu zuten: martxan jarri eta ondorengo egunetan esne litro mordoa saltzen dutela, egun batzuk pasa ostean salmenta jaitsi egiten dela eta azkenik kontsumoa egonkortu egiten dela, abeltzainek eguneko esnearen bila jotzen duten bezeroen fideltasuna erraz lortu baitute.

Ildo horretatik, esnea zuzenean saltzeko ekimenak, oro har, gertutasuna, kalitatea eta lurrari lotutako produkzioa dituela lehentasun argitu zuen EHNEk. Esne makinen ekarpena, beraz, «ikaragarria» dela baieztatu zuen, besteak beste, baserritarrei esne freskoa zuzenean saltzeko aukera ematen dietelako, era horretan kontsumitzaileengana zuzenean iristea ahalbidetuz, eta abeltzain batzuentzat esne-industriaren menpetik ateratzeko aukera duina direlako.

Era berean, makinetako esnea kontsumitzea «kausa on bat» dela defendatu zuten EHNEko kideek, baserrien ekonomiari bultzadatxoa ematen diolako, kaleari bizitasuna ere bai, eta horrez gain, zaborrik ez duelako sortzen eta, gertuko produkzioa izanik, garraio gastu oso txikia sortzen duelako.

Kontsumo mota berria

Pozik azaldu ziren, beraz, atzo baserritarrak, izan ere, ekimen honen bilakaera ona «kontsumo mota berri baten abiapuntua» baino ez dela uste dute. «Ate-joka datorren bestelako kotsumo arduratsu, iraunkor eta kalitatezkoaren ataria da», esan zuten. Zentzu horretan, azken urteotan zuzeneko salmenta ahalbidetzeko moduak ugaldu eta indartu egin direla azaldu zuten, kontsumo taldeak, haragi paketeak nahiz Internet bidezko azokak dira horren adibide, eta pixkanaka gorpuzten ari direla esan zuten.

Horrez guztiaz gain, kontsumitzaileak ahaztutako zaporea berriz dastatzen hasi direla baieztatu zuen EHNEk, horixe adierazi baitiete kontsumitzaile askok baserritarrei. Esne freskoaren zaporea gainera, bereziki, haurrek dutela gustuko esan zuten. Azken batean, «egunero-egunero esne berria eta freskoa eskura izatea gutxik duten pribilegioa da».

Itxaropena badute, horrenbestez, azken urteotako bilakaera benetan larria izan bada ere. EHNEren datuen arabera, 1986. urtean Gipuzkoan kontsumitutako esnearen %44,12 baserritarrei zuzenean erositakoa zen. 2008. urtean berriz, %3,9raino egin zuen behera kontsumo horrek.

Orain, EHNE sindikatuak, Lurgintza nekazaritza kudeaketa zentroak eta landa garapen elkarteek osatzen duten Gipuzkoako esne makinen koordinaziorako mahaia azken urteetako bilakaera negatiboa atzean utzi eta eguneko esnearen salmenta zabaltzeko lanean ari da.

URTEBETEAN

Azpeitian, Oiartzunen, Errenterian, Hernanin, Donostian (hiru), Usurbilen, Ordizian, Lazkaon, Lasarte-Orian eta Villabonan martxan dituzte esne makinak. Laster, Hondarribian, Trintxerpen eta Zumarragan ere izango dute.

ZUZENEKO SALMENTA

Azken urteotan baserritarrek kontsumitzaileei zuzenean saltzen dizkieten produktuen salmenta handitu eta indartu egin dela esan du EHNEk eta pixkanaka gorputza hartzen ari dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo