GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Adegi eroso dago Metaleko lan hitzarmenik gabe; nahikoa du negoziatzeko plantak egitea

Adegi kezkatuta agertu zen atzo, ELAk eta LABek Gipuzkoako Metalean deitutako greba eta mobilizazioek hainbat lanpostu arriskuan jarriko dituztelako, enpresaburuen elkartearen esanetan. Bitxi samarra da kezka hori, ordea. Izan ere, Adegik herenegun bertan aurkeztu zuen proposamenak aldaketa erregresiboak baino ez zituen biltzen, eta sindikatuen jarrerak ahalbidetu zuen bilerak jarraitzea. ELAk eta LABek «negoziazioa hasi gabe» deitu duten greba onartzeko prest ez dagoela dio Adegik, berak negoziazio prozesua bederatzi hilabetez luzatu ondoren. Atzo goizean jarraitu zuen negoziazioak, baina luze gabe, Adegik bere benetako borondatea edo, hobeto esateko, bere borondaterik eza erakutsi zuen, negoziazio mahaia «betiko» utzita eta sindikatuak lehenengo bi greba egunak bertan behera uzteko prest zeudela (ondoren halaxe egin dute) esan gabe. Orain arteko negoziazio prozesutik ondoriozta daiteke enpresaburuak eroso daudela lan hitzarmenik gabe, hori da atzo erakutsi zutena, herenegun negoziatzeko plantak egin ondoren. Adegiren ustez, greba xantaia da-eta; antza denez, lan baldintza eskasak edo «errentagarriak» ez diren langileak kalera botatzea ez bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo