GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Jokaldi eta abarrez

Hemen kontua ez da PNVk ezker abertzaleari eskua luzatzea, Ortuzar jaunak esan legez. Eskua norbaiti luzatu behar bazaio, beste lotura batzuetatik askatu eta Euskal Herriari eskaini beharko zaio behingoz, euskal herritarrok Euskal Herrian behingoz erabaki dezagun

Patxi Lopezek dio momentu honetako egoera ez dela xake partida bat. Ados egon beharko ezinbestean, baina batez ere arrazoi nagusi birengatik: alde batetik, xake jokalarien besteko arduraz eta argitasunaz «jokalari» hauetako batzuek ekin gura ote dioten zalantzagarria delako; eta bestetik, azken egunetako «jokaldiak» ikusita, xakekoak baino poker aurpegiak direlako gailendu direnak.

Taula gainean ez ezik, pilotarekin jokatzen diren kirolekin ere egiten dituzte maiz konparazioak politikariek. Pilota zein teilatutan ote dagoen eztabaidak hainbat adierazpen eta egunkari orrialde betetzen ditu horrela. Edozelan ere, kiroletan aditua izan gabe ere, hainbat «jokaldi» denok ikusten ditugu zelaian, baita futboleko «jokoz kanpo» ulertezina ere.

Horrela, guztiz ulergaitza suertatu beharko litzaioke edozein herritar xumeri bere ordezkariak omen diren hainbat politikariren pertzepzioa. Hau da, kalekumeok zerbait mugitzen ari dela hain argi ikusten dugun bitartean, zenbait bulegotan berdinetan gaudela esaten tematzen dira. Ukazio hutsa.

Baina ukazioa umekeria ez ezik, urduritasun zantzua ere bada. Beste zantzu bat ere izan liteke Madrilen hain gidoi estua, hain berbaz berbakoa, aurrefabrikatu behar izana; edota inor ez nahasteko «nabigatzaileei abisua» errepikatu behar izatea, inor eskapatuko ote den beldurraren adierazle. Zoritxarra izango litzateke apurka lerroa gurutzatzen joatea «demokratak» gutxiengo espainol hutsean gelditu arte. Zoritxarra batzuentzat, guztiz argigarria herritarrentzat.

Baina immobilismoa ez da taktika oso emankorra eta tarte labur baterako baino ez du balio. Mugitzen ez denak aurrera ez egiteaz gain, atzera ere egiten du aurrean dagoenak pausoak egin heinean. Beraz, bakoitzak hartu beharko ditu, arinago edo beranduago, bere posizioak.

Batzuenak ez dira oso ezberdinak izango seguruenik eta, hasieran behintzat, berdinari eustearen jarrera izango dute ardatz. Honek inguruko guztia lotzea eskatzen du. PSOEk «demokraten batasuna» deitzen dio. PPk eta AVTk, berbekin hain arduratsuak ez direnez, «itun antiterrorista» aipatzen dute. Berba ezberdinak termino berberetarako. Hala ere, azken hauei eskertu behar zaie euren soiltasuna, ETAri edo bere ekimenei edo biolentziari baino, ETAren helburuei erreparatzen diete-eta, hau da, beren buruari demokrata deitzen dieten horien helburu politikoekin talkan diren bestelako helburu politiko batzuei. Hau ere argigarria.

2000ko itun horretan oso garbi esan zitzaion PNVri: «Lizarrako ituna edo itun antiterrorista», Rubalcabak hain gustuko dituen esaldi disjuntiboen bidez. Lehenengoa aukeratzeko arriskua ere argitu zitzaion: aukera okerra hartuz gero, ez da inolako akordio politikorik edo itun instituzionalik egongo. A-k badaki B-k zelako premia daukan aulkietarako, B-k badaki A bere mehatxuak betetzeko gai dela.

Kontua ez da PNVk ezker abertzaleari eskua luzatzea, Ortuzar jaunak esan legez. Eskua norbaiti luzatu behar bazaio, beste lotura batzuetatik askatu eta Euskal Herriari eskaini beharko zaio behingoz, euskal herritarrok Euskal Herrian behingoz erabaki dezagun, «tanto vasco como español» aukerak EAEn tarteka egiten diren inkestetarako baino ez du balio eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo