GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Euskal zinemaren eguna

Bere-berea egin zuen Alex Angulok Zinemira saria

Euskal Zinearen Eguna ospatu zuen atzo Donostiak eta Alex Angulok jaso zuen bigarren Zinemira saria. Urtarrilean zuzendari kargua hartuko duen Jose Luis Rebordinosek euskal ekoizleekin lanean jarraitzeko borondatea iragarri zuen.

p042_f02_199x104.jpg

Ane ARRUTI

«Berarekin hasi nintzen zinea zer den ikasten. Berarekin egin nituen nire lehen akatsak eta ongi emandako lehen urratsak ere berarekin eman nituen», esan zuen Alex Angulok, Imanol Uribe zuzendariaren eskutik -iazko edizioko irabazlea- Zinemira saria jasotzean. «Segoviako hiesa» pelikulan ezagutu zirenekoaz ari zen Angulo, hori izan baitzen zinean bere lehenengo esperientzia. Victoria Eugenia antzokian ospatu zen Euskal Zinearen Gala eta bertan jaso zuen Angulok Koldobika Jauregi eskultoreak egindako oroigarria. «30 urte badira ezagutzen garenetik, eta, fondoko lasterketa honetan, ez zaitut sekula indarrik galtzen ikusi», esan zion Uribek.

Antzerkigintzan hasi zen Erandioko aktorea, eta, 1981az geroztik, berrogeitik gora pelikulatan parte hartu du -ezagunenak, ziur aski, Alex de la Iglesiak zuzendutako «El día de la bestia» (1995) eta «Acción mutante» (1992)-, baita hogei bat film laburretan eta beste horrenbeste telesailetan ere. Aurtengo Zinemaldian, «El Gran Vazquez» aurkeztu du Sail Ofizialean.

Uribez gain, bidelagun izan dituen hainbat zuzendari izan zituen gogoan Angulok, hala nola, Alex de la Iglesia, Enrique Urbizu edo Ramon Barea. «Ezin maisuez ahaztu!», esan zuen. Baina, hori bai, argi utzi zuen norena zen saria: «Behingoagatik, neurekoia izango naiz. Sari hau nirea da». Berehala erantsi zuen, ordea: «Zuek guztiokin elkarbanatuko dut, noski, gure lanbide hau talde lanean egiten baita. Publikoarekin ere bai, zuek baitzarete nire inspirazio iturri». Bukatzeko, emaztea izan zuen gogoan.

Zinemira saria eskainiz omendu zuen Zinemaldiak Alex Angulo. Aurretik, datorren urtean Mikel Olaciregui jaialdiko zuzendariaren lekukoa hartuko duen Jose Luis Rebordinosek iragarpen bat egin nahi izan zuen arratsaldean. «Donostiako Zinemaldiak gauza asko izan behar du. Horien artean, euskal zinearen Zinemaldia izan behar du», esan zuen. «Euskal zinemarekin kolaborazio estua edukitzeko asmoa dut. Kargu berrira egokitutakoan, lehen bilera euskal ekoizleekin egiteko asmoa daukat», gaineratu zuen. Argi dago euskal zineak gero eta presentzia handiagoa daukala Zinemaldian. Egun bat izatetik, sail oso bat izatera pasatu zen iaz. Aurten, zortzi pelikulak osatu dute saila, Kimuak egitasmoan bildutako bederatzi film laburrekin batera.

Berriz gerta ez dadin

«Debekatuta dago oroitzea» filmak eman zion amaiera Euskal Zinemaren Galari. Txaber Larreategi eta Josu Martinezek zuzendutako dokumentala da eta Saturrarango emakumeen kartzelan gertatutakoak ematen ditu argitara, bertan preso egondakoen eta haien senitartekoen testigantza zuzenekin.

«Pelikula honek oroitzen digu, utopikoa badirudi ere, ahazten duten gizarteak euren akatsak eta porrotak errepikatzera kondenatuta daudela. Eta badira sekula preskribitu ezin daitezkeen gizateriaren aurkako krimenak», esan zuen Rebordinosek arratsaldean eskainitako prentsaurrekoan. Bertan izan ziren bi zuzendariak eta pelikulan agertzen diren Ana Morales preso ohia eta Alicia eta Conchita Solleiro, Urania Mellaren alabak. Azken hori, bederatzi urtez Saturraranen gatibu egon ondoren, espetxetik irten eta bi hilabetetara hil zela gogoratu zuten alabek.

7.000 kilometro tarteko

«Debekatuta dago oroitzea» ez da Martinez eta Larreategik batera egindako lehenengo lana. Iaz, «Itsasoaren alaba» aurkeztu zuten, Mikel Goikoetxea Txapela GALek eraildako euskal errefuxiatuaren alaba protagonista duena. Astearte gauean, berriz, «Sagarren denbora. 25 urte deserritik itzultzen» dokumentala aurkeztu zuten Zinemira sailean.

Kristiane Etxaluz zuberotarraren eta Alfonso Etxegarai bizkaitarraren maitasun istorioa kontatzen du “Sagarren denborak”, 7.000 kilometrok banatzen dituen maitasun istorioa. Alfonso Sao Tome afrikar irla txikian dago deportaturik duela 25 urtez geroztik –Ekuadorren eduki zuten lehenengo–, eta Kristiane, han eta Euskal Herrian, batetik bestera,  bizi da geroztik.  

«Saturrarango kartzela itxi zenetik ia 70 urte pasa dira eta Alfonso deportatu zutenean Josu eta biok jaio gabe geunden –azaldu zuen Larreategik–. Kontua da petit-suisse-aren seme-alabok ez dugula izan 36ko gerraren berri. Orain hitz egiten da memoria historikoari buruz, baina ez da lotzen gaur egungo egoerarekin. Eta guk nahi genuena zen memoria egin oraina ulertzeko». Bi protagonistek ezagutu ziren garaia, ekintzen prestaketak, atxiloketak, torturak... eta azken urteotan euren baldintzatutako elkarbizitza nolakoa den kontatzen dute, noizbait «sagarren denbora» iritsiko den itxaropenarekin.

Donostian egindako aurkezpenean, sekulako txalo zaparrada jaso zuen Kristianek, «erdiak Alfonsori Sao Tomera eramango dizkiot, zaudete seguru», esan zuen. «Asteotan ireki den bide berrian sartzen diren guztiei esker, badakigu presoak, deportatuak eta gorde bizi direnak, etxerat itzultzen ahalko direla. Noiz gertatuko den hori ez dakigu, nola bai, badakigu. Eta hori aski zaigu momentuko zoriontsu izateko», amaitu zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo