GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

«Bazen behin... Bermeon», heldu eta haurrentzako ipuinak

Euskal Herriko ipuin kontalariak Bermeon bilduko dira bihar eta etzi, lehenengo aldiz bi eguneko festa egingo baitute. Ahozkotasunaren eremuan, narrazioaren alorrean dabiltzanak ezagutzera ematea du helburu eta «ipuinak helduentzako» direla goratu nahi dute.

p050_f01_97x72.jpg

GARA | BILBO

«Kontalaritza gero eta hedatuago dagoen jarduera den neurrian, ahozkotasuna lanbide dugunok, zeregin honi pultsua hartu eta dinamizatu beharraz ohartu gara», azaldu zuen Euskal Herriko ipuin kontalarien elkarteak, «Bazen behin... Bermeon» ekimenaren antolatzaileak. Laugarren aldiz ospatuko da asteburu honetan kontalarien festa eta, aurten lehenengo aldiz, bi eguneko jaia izango da.

«Aurten narrazioak helduen mundua jorratzea gura dugu bereziki. Hau da, ipuinak helduentzako direla goratu, euren ahotik transmititzen baita hizkuntza. Hortik dator, aurten, programazioa bi egunez luzatzearen arrazoi nagusia», azaldu zuten.

Getxon 2006an izandako lehen esperientziaren ondoren, Aramaion, Pasaian eta Etxalarren ospatu da «Bazen behin...» ekimena. «Urtero herrialde ezberdin batean ospatzen dugu festa. Eta arau honek bere salbuespena duen arren, etorkizunean mugaren bi aldeak hartzen dituen erakundea izan gura genuke», esan zuten. «Bermeo hautatu genuen, kostaldeko herri txiki honek ahozkotasunean eta herri kondairetan duen ospeagatik».

Gustu guztietarako

Bihar izango da lehenengo saioa. 20.00etatik aurrera, helduei zuzendutako saioa eskainiko dute San Frantzisko elizako klaustroan euskaraz zein gazteleraz sei kontalarik: Doro Zobaran, Pedro, Bego, Teresa Echegaray, Joxemari Karrere eta Carlos Saez.

Igandean, berriz, goiz osoan izango da non aukeratu. Hasteko, Bermeoko hiru txokotan kontatuko dituzte ipuinak, eta batetik bestera herriko elkarteen musikaz lagunduta joango dira. 11.30ean, Santa Eufemian, Ixabel Milllet eta Virginia arituko dira, euskaraz biak eta publiko guztiari zuzenduta. 12.45ean, Portu Zaharrean umeentzako saioa izango da Amaia Arriaran, Lur Korta eta Leire Basarrateren eskutik. 14.00etan, Lamerako kiosko berrian, denei zuzendutako emanaldia eskainiko du MariOlasek, euskaraz.

Bestalde, saio bereziak programatu dituzte. 11.30ean, «Oráculo de los cuentos» eskainiko du Anabel Murok udaletxeko kioskoan. Ordu berean, Pello Añorga Portu Zaharrean arituko da «Ipuin-kontsultorioa»-rekin eta, Joxemari Karrerek eta Doro Zobaranek, berriz, ipuin poteoa proposatuko dute.

Eguerdiko hamabi eta erdietan, ipuin-txangoa abiatuko da Portu Zaharretik, «Hegaluze» txalupan. Lamiaran puntaraino joan, bertan ipuinak entzun eta buelta egingo dute 13.30erako. Horretarako txartelak 3 euro balio du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo