GARA > Idatzia > Mundua

Nigerren bahitutakoen askapena negoziatzeko keinua egin dio Parisek Al-Kaedari

Nigerren bahitutako bost herritar frantsesen askapena lortzea helburu, Al-Kaedarekin kontaktuan jarri eta haien aldarrikapenen berri izan nahi du Parisek, balizko negoziazio baterako bidea irekita utziz.

GARA | PARiS

Estatu frantsesak Magreb Islamiarreko Al-Kaedarekin balizko elkarrizketa baterako ateak ireki ditu sarearekin «kontaktuan jartzea» espero duela esanda. Duela bederatzi egun Nigerren bost frantses herritar eta bi afrikar gatibu hartu zituztela-eta egin zituen adierazpenok atzo Herve Morin Defentsa ministro frantsesak.

«Oraingoz, Al-Kaedarekin kontaktuan jarri eta eskura ez ditugun aldarrikapenen berri izatea da gure lehentasuna», baieztatu zuen ministroak RTL irrati publikoan, France Presse berri agentziak jaso duenez.

«Uneren batean Al-Kaedak bere aldarrikapenak mahai gainean jarri ahal izatea nahi dugu», zehaztu zuen Morinek, aurreneko aldiz bahitzaileekin negoziatzeko asmoa agerian utzirik; «oraingoz ez baitaukagu Al-Jazeerara [telebista katea] igorri zuten testua besterik», argitu zuen.

«Beste kasu batzuei dagokienez ere, negoziatu egin dute», gaineratu zuen.

Frantziar jatorriko bost lagun, togoar bat eta madagaskartar bat, Areva eta Satom konpainietako langileak guztiak [Vinci talde frantsesak azpikontratatuak], irailaren 16an bahitu zituzten Arliteko meategian.

Al-Kaedak bere gain hartu zuen bahiketa eta Parisko Gobernuak egiazkotzat jo zuen adierazpena.

«Ez dugu jaso halakorik baieztatzen duen frogarik, baina pisuzko arrazoiak ditugu bizirik daudela uste izateko», argitu zuen Morinek, «litekeena, Maliko iparraldean» egotea dela esanez.

Alde horretatik, Estatu frantseseko presidente Nicolas Sarkozyk batzarra egin zuen atzo zenbait ministro eta segurtasun indarretako buruzagiekin, Segurtasun Kontseilua deritzona, bost herrikideen bahiketari buruz hitz egiteko. Irailaren 16tik lau aldiz bildu dira. Ez zuten batzarrean hitz egindakoaren inguruko daturik eman.

Lehen ministro François Fillon, Barne Arazoetako arduradun Brice Hortefeux, Defentsako Herve Morin eta segurtasun indar desberdinetako arduradunak izan ziren Eliseo jauregian egindako bileran.

Diskurtso aldaketa

Parisko Gobernuko ordezkariek azken agerraldietan eginiko adierazpenak aurretik egin zituztenen ia kontrako norabidean eginikoak izan dira. Urrutira jo gabe, uztailaren amaieran, AlKaedaren «aurkako gerra» planteatu zuen Fillonek.

Abuztuaren amaieran erreskatea ordainduta askatu zituzten bi katalanen kasua zeharka kritikatu zuen Sarkozyk berak.

«Estrategia bakarra ezin da erreskateen ordainketan eta, errugabeen ordez presoen askapenean oinarritu», esan zuen.

Estatu frantsesak inoiz ez dio uko egin negoziatzeari, nahiz eta zeharkako eran izan. Adibidez, Al-Kaedak Pierre Camatte frantsesa askatu zuen otsailean, Mauritanian preso zeuden lau errebelde askatzearen truke.

Uztailaren amaieran, ordea, talde armatuko kideek Michel Germaneau hil zuten, Parisek zuzendutako operazio militar baten ondotik.

Asteartean, Al-Kaedak «ekintza inozorik» ez egiteko deia egin zion Eliseoari, hala eginez gero, «porrotera eta prezio altu bat ordaintzera kondenatuta» legokeelako.

BESTE HIRU

Asteazkenean, hiru frantses herritar bahitu zituzten, Nigeriako uretan petrolio-ontzi batean lanean ari zirela. Parisko Gobernuak adierazi zuenez, inork ez du bahiketa bere gain hartu. Niger Deltaren Burujabetzarako Mugimenduak, berriz, gatibuak aurkitu eta bahitzaileekin negoziatzen ari zela iragarri zuen atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo