GARA > Idatzia > Ekonomia

Erretiro sistema salbatzeko «harago joateko premia» sumatu zen Baionan

Erretreta sistemaren erreforma gelditzearren, manifestazio jendetsua egin zen beste behin ere Baionan, sindikatu guztiak deituta. Ñabardurak ñabardura, mobilizazioan «urrats berriak» emateko premia ere sumatu zen hainbat manifestarirengan. «Gobernuaren gorreriaren» aitzinean, esparru guztiak inplikatu eta «behingoz greba orokorrera» jotzeko aukera eta beharra entzun zen askoren ahotan.

p020_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Milaka lagun bildu zen atzokoan ere Baionan, erretreta sistemaren erreforma geldiarazteko. Langile-sindikatuek (CGT, CFTC, CFDT, FO, FSU, UNSA, Solidaires), irailaren 7an kalera atera zen jendetza ikusita, ibilbidea aldatu eta luzatu ere egin zuten. Alta, antolatzaileek 15.000 manifestaritik goiti bildu zirela bazioten ere, parte hartzea aurrekoan baino zertxobait apalagoa izan zen.

Joan den astean Asanblea Nazionalak lege berria behin-behinean onartzeak izango zuen, seguru asko, eraginik parte hartze horretan. Izan ere, protestak ugaritu izanagatik, ez dirudi Gobernuak atzera egiteko inolako asmorik duenik.

Azken mobilizazio egunaren ostean, legean moldaketa txiki batzuk egingo dituela agindu zuen Gobernuak. Sindikatuentzat, ordea, «huskeriak» besterik ez dira, «langileon kemena apurtzeko saioak», Marie Christine Castaings FOko kideak sindikatuen mezu bateratua igortzean nabarmendu zuenez.

Erreformari egiten dizkioten kritika nagusiak gogorarazi zituen berriro ere. Horien artean, erretiratzeko adina bi urte atzeratzea (60tik 62ra eta 65tik 67ra osotasunean kobratu ahal izateko) «bidezkoa» ez dela, «desberdintasunak areagotu» egiten dituela eta erretiroa «finantzatzeko modua desegokia» dela. Amaieran, Gobernuari «asmo burugabe hori» bertan behera utz dezala exijitu zion eta langileei, berriz, mobilizazioa areagotzeko.

Greba orokorrerantz?

Zenbait sindikatu eta kolektibo aspaldi ari dira mobilizazio mota hauen (lanuzte partzialak, manifestazioak...) eraginkortasuna zalantzan jartzen. Atzokoan, ordea, «harago» joateko beharra eta «urrats berriak» egiteko premia sumatu zen euskal manifestarien artean.

Hala, CGTko afiliatu Carinne Bernosek argi zuen «greba orokorrera» jo behar dela: «Sarkozyk eta enparauek ez digute jaramonik egiten. Berdin zaie bi edo hiru milioi bagara karrikan. Gure eskakizunak aintzat har ditzaten nahi badugu, harago joan behar dugu eta, nire ustean, sektore guztietan greba orokorra deitzea da irtenbide bakarra».

FO sindikatuko ordezkari Thierry Gallois ere iritzi berekoa zen: «Martxotik ari gara eskatzen gainerako sindikatuei greba orokorrerako urratsa elkarrekin egiteko. Frantzia osoa blokeatu behar da. Era horretan soilik entzungo gaituzte».

Zuhurrago mintzatzen zenik ere bazen. UNSAko Patrick Velascok, esaterako, atzoko mobilizazioaren ondotik zer gertatzen den ikusi behar dela esan zuen; «Gobernuak jarrera autistari eusten badio, datozen egunetan gainerako sindikatuekin aztertuko dugu mugimendua areagotzera behartuta gauden edo ez».

CFDTren blokeko Auguste Agirregomezkortaren esanetan, berriz, «erreforma gelditzeko ahaleginak egin eta lortzen ez bada, hurrengo hauteskundeetara itxarotea» da egokiena «bozarekin eragiteko».

650 lagun LABen atzetik

Erabat beste muturreko iritzia adierazi zuen Lutxi Borthairuk, 650 lagunez osatutako LABen multzoan zegoen erizainak. Bere ustetan, «presio handiagoa» egin behar da, baina arazoa muinetik hartuta, hau da, «lege hau erretiratzetik hasita».

«Sindikatu frantsesek erreforma negoziatzeko hautua egin dute baina, lehenik eta behin, lege hori bertan behera utzi behar da. Gobernua engainua erabiltzen ari da sistema ezin dela mantendu esaten duenean, baina banaketan oinarritutako erretreta-sistema posible da eta horrela jakinarazi behar diogu gizarteari. Hain zuzen, gizarteko esparru guztiak inplikatu eta borroka dinamika iraunkorra, greba orokorrera eramango gaituena da Gobernua amore ematera behartzeko bide bakarra» gaineratu zuen.

«Erronka irabazi» eta hiru milioi lagun bildu zituzten sindikatuek

Erreformaren inguruan sindikatuek eta Gobernuak duten borrokan, manifestazioetako parte hartzea datu garrantzitsua da bakoitzaren indarra erakusteko. Atzo ere «kopuruen gerra» izan zen nagusi.

Sindikatuek beren buruari jarritako erronka - hiru milioi lagun karrikaratzea- «irabazi» zutela zioten bitartean, Poliziak eta Gobernuak «aurrekoan baino gutxiago, milioi eskas» zirela baieztatu zuten.

Sarkozyren idazkaritzatik egindako lehen adierazpenen arabera, frantsesek atzera utzi duten afera dela edota jada erreforma onartu dutela esan nahi du «parte hartzearen beherakadak».

Alta, zerbitzu publikoan eta garraioetan izandako lanuzteek, hamaika nahasmendu sortu zituzten, batez ere hegaldietan. Orlyko aireportuan %50 bertan behera geratu ziren (aurrekoan %25 izan ziren) eta, oro har, hegaldien %40 ezeztatu ziren. Aldiz, badirudi tren garraioan eta hiri-autobusetan irailaren 7an baino gutxiagok egin zutela greba.

Kopuruak gorabehera, bistakoa da, atzo ere, Estatuan egindako 231 manifestazioetan jendetza izugarriak azaldu zuela bere desadostasuna erretreten erreformarekiko.

Sindikatuen konfederazioak bihar aztertuko du zer segida eman borrokari eta, bestalde, litekeena da, duela bi aste bezala, Sarkozyk «keinu» bat egitea eta ahalmen urrikoen, emakumeen edota langabe adinduen alde hobekuntzak egitea legean.

Urriaren 5ean, senatarien txanda izango da. Legea onartuko balute, Asanblea Nazionalak emango lioke azken oniritzia... non eta langileen indarrak atzerarazten ez baditu. A.M.

UMP-rI BURRUNbA

Euskal Herriko Erretreta kolektiboak deituta, 150 bat lagunek eserialdi zaratatsua egin zuten arratsaldean, UMPko senatari eta diputatuak Biarritzen egiten ari diren jardunaldien karietara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo