GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aurtengo Kilometroak jaiak bost gune izango ditu Lezon barrena

Boxton izango da Pasaia-Lezo Lizeoak antolatu duen 2010eko Kilometroak jaiaren ikurra datorren urriaren 3an. Ikastolen jaiak Lezon eraikin berri bat sortzeko balioko du, baita euskal hezkuntza bultzatzeko ere. Bost gunetan banatutako ibilbidea Lezon dago bere osotasunean.

p013_f02_ONA.jpg

Nagore BELASTEGI

Kilometroak euskararen aldeko jai bat da, batik bat Gipuzkoako ikastolen aldekoa. Ideia hori azpimarratu zuen Arantxa Manterolak, Gipuzkoako ikastolen elkarteko lehendakariak, Ikastolen Etxean emandako prentsaurrekoan. Urriaren 3an ospatuko da ikastolen festa, eta, azken txanpa honetan, lehendakariak eskerrak eman nahi izan zizkien azken urteotan ikastolen hezkuntza proiektuaren alde lan egin dutenei, bereziki aurten Kilometroak antolatzea tokatu zaion Pasaia-Lezo Lizeoako kideei.

Pasaia-Lezo Lizeoan 1.200 ikasle inguru daude, eta, gainera, urtetik urtera ikasle gehiago dituzte. Hala, eraikina txiki gelditu zaie eta egokitze lanetan ari dira. Horrez gain, ikastolak Lezon egoitzarik ez duenez, 25 urte eta gero bertan ere eraikin bat egitea erabaki dute. Hain zuzen ere, Kilometroak jaian jasotako diruarekin egingo dituzte lan horiek.

Aurtengo Kilometroetako ibilbideak sei kilometro izango ditu eta Lezon izango da bere osotasunean, herrigunean zein auzoetan zehar hedatuko delarik. Bost gunetan banatutako ibilbidea oso samurra da; hala, aldapa bakarra lehen gunetik bigarrenera bidean izango da. Gainera, ibilbide oso-osoa asfaltatuta dago. Beraz, bisitariek ez dute inolako nekerik igaro beharko Altamirako auzoko bistekin gozatu ederra hartzeko.

Ohi bezala, gune guztiak ondo hornituta izango dira; arropa dendak, komunak, txartelak erosteko lekuak... ez dira faltako. Ekitaldiak ere, noski, barra-barra izango dira. Esandakoaren erakusle, lehenengo gunean sagardotegi menua edo Kilometroak menua dastatzeko aukera emango duten bi jantoki jarriko dituzte; hirugarrenen haurrentzako puzgarriak izango dira; laugarrenean, Eneko Sein Lizeoko ikaslea izango da bere astoekin; eta, azkenik, bosgarren gunearen amaieran, Saldise plazan, Eusko Label gunea izango da nahi duenak kalitatezko pintxoak jan ditzan.

Aparkaleku ugari prestatu dituzten arren, antolatzaileek Lezora heltzeko garraio publikoa erabiltzea oso erosoa dela gogoratu zuten, herria oso ondo komunikatuta baitago. Gipuzkoako barnealdetik iristeko modurik onena trena hartzea izango dela nabarmendu zuten, Renfek edukiera handiko trenak erabiliko baititu eta trenon maiztasuna ere handituko baitu. Gainera, txartelak aldez aurretik erosteko aukera izango da lehen aldiz. Donostialdetik gerturatzen direnek, aldiz, autobusez egin dezakete.

Aurtengo omenaldia On Inazio Esnal apaiz eta irakasle ohiak jasoko du ikastola sortu zen urteetan emandako laguntzagatik.

Boxton

Kilometroak jaiaren irudi bizia da Boxton. Bere gandorra bost erpinez osatuta dago; bakoitzak Pasaiako barruti bat edo Lezo herria irudikatzen ditu kolore bidez. Erdiko puntu berdea Lizeoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo