Beste errealitate bat nahi lukeen diskurtsoa
Patxi Lopezek atzo Politika Orokorreko lehen osoko bilkuran egin zuen diskurtsoak beste autonomia erkidego bateko presidenteak edo beste estatu bateko lurralde bateko instituzio arduradunak egina zirudien, inola ere ez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Gobernuko lehendakariak. Bilkuraren bezperan EAJk eta PSOEk lan politika aktiboen transferentzia adostu izanak bere Gobernua nabarmen utzi bazuen ere, Lopezek diskurtsoa janzteko erabili zuen akordio hori, eta berez jantzi koloretsu ugariz hornitutako diskurtsoa zen.
Egoera ekonomikoari dagokionez, lasaitasuna ekarri omen du bere Gobernuak, hedabide publikoetan izendapen alderdikoiak amaitu direla ziurtatu zuen eta, gatazka politikoari dagokionez, «erabateko askatasuna eta indarkeriaren amaiera hatz puntekin ukitzea» lortu dutela. Oposizioko talde guztiek beste errealitate bati dagokion diskurtsoa sumatu zuten, ordea, eta denek, bere lehentasunezko bazkide PPk barne, lidergo falta egotzi zioten lehendakariari.
Ez da harritzekoa Parlamentuko taldeen erantzuna, Lopezen diskurtsoa beharbada inoiz amestu duen errealitate bati baino ez dagokio eta. Bere merezimenduen zakua puzteko PSOEren eta EAJren arteko negoziaketa edo beste arloetako ustezko lorpenak barrea eragiteko modukoak dira, baina gutxieneko demokratikoak lortzeko abiatutako ekimenak eragin duen testuingurua ere baliatzeak absurdoaren muga jotzen du. Izan ere, bere Gobernuak indarkeriarik gabeko agertoki bat erraztu ordez, etengabe eraso baitie haren aldeko apustu argia egin dutenei, azken hilabeteetan indarkeria nagusia edo bakarra Gobernu horren eta Madrilgoaren erasoak izateraino.
Ondorioz, arduragabetzat ere jo zuten atzo Patxi Lopezen jarrera; hala ere, dirudienez, haren kezka nagusia PPko ordezkariak agertu zuena da: Alderdien Legeari eustea. Horixe baita lehendakari karguan diskurtso fantastikoak egiteko modu bakarra.