GARA > Idatzia > Kultura

ZINEMALDIA

Urrezko Maskorrerako azken bi hautagaiak aurkeztuko dituzte gaur

Jose Maria de Orbe donostiar zuzendari berriaren eta John Sayles zinemagile beteranoaren film bana aurkeztu ziren atzo Sail Ofizialean. De Orberenak, «Aita»k, istorio minimalista eta pertsonala proposatzen du, plano guztiz estatikoz eta otzantasunez gidatua. Saylesenak, «Amigo»k, bestalde, Filipinen eta AEBen arteko gerran, protagonistak bi aldeekiko dituen zalantzak ditu oinarri. Urrezko Maskorrerako lehia gaur itxiko dute «Cerro Bayo» eta «Addicted to Love» lanek.

p034_f01.jpg

A. KAMIO - M. IANTZI | DONOSTIA

Aurtengo Zinemaldian Urrezko Maskorra nork eramango duen jakitea eginkizun zaila da oraindik, gaur arte ikusitako filmen artean ez baita besteen gainetik nabarmendutako lanik izan, kritikarien arabera. Batzuk izan dira, ordea, ikusleen artean besteek baino atsegin handiagoa sortu dutenak, esaterako, Kim Jee-Woon hegokorearrak zuzendutako «I Saw The Devil», edo asteazkenean aurkeztu ziren «Pa Negre» (Agusti Villaronga) eta «Genpin» (Naomi Kawase). Sail Ofizialean gaur ikusaraziko dira Zinemaldiko saririk preziatuena eskuratzeko borrokan parte hartuko duten azken filmak: «Cerro Bayo» (Victoria Galardi) eta «Addicted to Love» (Liu Hao). Gaur, lehia itxita geratuko da eta, azken erabakia, epaimahaiaren esku.

Jose Maria de Orbe zuzendari donostiarrak aurkeztu zuen atzo «Aita» filma eta, lehia ofizialean parte hartzeaz gainera, zuzendari berrien sarirako ere hautagaia da. Proposamen ausarta da De Orbek bere azken lanean aurkezten duena. «La línea recta» izan zen donostiarraren estreinako lana; Nora izeneko pertsonaia batean oinarritua, pertsonala hura ere. Oraingoan, bere bigarren film luzean, pertsonaiei eta inguruari eskaintzen die bereziki arreta, filmatze era minimalista eta artistiko batek lagunduta.

De Orbek hiru urte iragan ditu «Aita» filmatzen. Astigarragan duen jauregi zahar batean garatzen da kontakizuna eta bi protagonista soilik baliatzen ditu; herriko apaiza, Mikel, eta etxea zaintzen duen agure bat, Luis. Espazioak, soinuak, argiak eta itzalak eta denboraren joana dira film luzearen gidari nagusiak.

Film «oso pertsonala» dela nabarmendu zuen zuzendariak kazetariekin egindako prentsaurrekoan; «nire etxearen izaera bilatzen saiatu naiz». «Aita» hitzak, «gure arbasoei egiten die erreferentzia» eta, horregatik, bere sentimenduetan atzera egiteko aukera baliatu du. Pertsonaiek izaera «minimalista» dute, «zirriborratuak ageri dira», beraz, «inguruaren garrantzia azpimarratzeko aukera ematen dit horrek».

Plano-sekuentzia nahiko luzeak eta, batez ere, oso estatikoak baliatu ditu De Orbek kontakizuna giro otzanago batez inguratzeko. Intuizioak agindutakoa egitera mugatu dela aitortu zuen; aurrez prestatutako gidoirik eta filmaketa planik gabe. «Aktoreek -benetako bizitzan izen berbera eta lanbide berberak dituzte- eguneroko elkarrizketak errepikatzen dituzte filmean, inoiz ez diet esan zertaz hitz egin behar zuten».

Inprobisazioari atxikita igaro ditu hiru urte De Orbek bere Astigarragako etxean, eta inprobisazioak berak ekarritakoak txertatu ditu lanean. «Etxean -itxura zaharrekoa, kasik abandonatua- hainbat lapurreta izan dira azkenaldian. Filmatzen ari ginenean, beste bat gertatu zen, eta salaketa jarri ondoren, lapurrak atxilotu zituen Ertzaintzak. Aste batzuen buruan, filmean parte hartzeko deialdia egin genuen Astigarragan eta, nire harridurarako, lapurretan aritutako gazteak aurkeztu ziren, beste askoren artean. Haiek hautatu, eta berriro etxean lapurreta egiten jarri nituen», azaldu zuen.

Inprobisaziorik gabe hautatu zituen, ordea, enkoadraketa guztiak; milimetrora neurtuak eta eszena batean baino gehiagotan Velazquez edo Caravaggioren margolanetara gerturatzen zirenak. «Batzuetan orduak pasatzen genituen enkoadraketa egoki bat bilatzen», nabarmendu zuen.

Gaur egun ez da oso ohikoa film bat burutzen hiru urte ematea, batez ere, nahiko zaila delako halako denbora eskainiko dizun ekoizle batekin topo egitea. De Orbek, oro har baliatu ohi diren bost edo sei asteak, 36 hilabeteetaraino luzatu zituen. «Dirua denboraren truke aldatu nuen; oinarrizko azpiegiturekin lan egin dugu, baina inoizko askatasunaz gozatu dut lan egiteko», nabarmendu zuen.

Biren artean harrapatuta

John Saylesek Zinemaldian aurkeztutako filma, «Amigo», berri-berria da. Orain dela aste bat bukatu zuten eta duela bizpahiru egun erakutsi zuten Toronton. Zuzendari estatubatuarrak prentsaurrekoan azaldu zuenez, lehenengo aukera da pelikula hau Europan ezagutarazteko. «Oso gustuko dut Donostiako publikoa: bertako jendeaz gain, ikusle `sofistikatuak' ere badira, mundu osoko pelikulak ikustera ohituta daudenak, eta horregatik, ez gara arrotz sentitzen hemen», adierazi zuen.

«Amigo»k Rafael Dacanayren istorioa kontatzen du. Filipinetako Luzon irlako auzo arrozgile bateko arduraduna da Dacanay; zergak bildu eta bizilagunen elkarbizitza zaintzen du. Anaia Simon herriko gerrillako buruak eskatuta, soldadu espainiarren kapitaina eta Aita Hidalgo fraidea preso ditu, baina Ameriketako Estatu Batuetako tropak ailegatu dira eta askatu egin dituzte. Hala, Rafael bi indarren artean harrapatuta gelditu da, amerikarren eta abertzale filipinarren artean, eta ez daki nola biziraun.

Saylesek agertu zuenez, beste gerra batzuetan ere egoten da jendea egoera horretan. «Joel Torre aktoreak interpretatutako pertsonaiak nola aurrera egin erabaki behar du, alde bati gehiegi laguntzen badio, besteak hilko baitu. Galdera batzuk sortzen dira orduan: noiz zara traidorea? Noiz jokatzen duzu adimentsu? Nork nahiago duzu hiltzea?».

Filmaren berezitasunetako bat hainbat hizkuntza azaltzea da: amerikarrek ingelesez egiten dute, auzokoek bertako hizkuntzan, gaztelaniak ere badu lekua... Azpitituluei esker, ikusleek dena uler dezakete, batzuen eta besteen ikuspuntuak ezagutu, kontakizuna osoki harrapatu. Pertsonaiek, ordea, ezin dute hori egin. Filipinetan hizkuntza ugari hitz egiten dituztela nabarmendu zuen zuzendariak: «Filipinetako iraultzan alde guztietako soldaduak zeudenez eta bakoitzak bere hizkuntza zuenez, komunikatzeko eta batasuna lortzeko arazoak sortu ziren».

«XX. mendearen historiako oinarriak azaltzen direlako» interesatzen zaio bereziki Saylesi garai hori. Bere ustez, orain baino gordinago ageri ziren inperialismoa eta arrazakeria: herrialde beltz eta paganoetara joandako zuri kristauek beren kultura eta moraltasuna eramateko zuten ardura eta gogoa, beren burua heroi ikustea...

Filmaren egileek jakinarazi zuten garaiko argazkiei jarraitzen saiatu direla, pertsonaiak benetan izan ziren pertsonengana ahalik eta gehien hurbiltzeko asmoz. Izan ere, batzuetan, marrazki bizidunetan edo komikietan filipinarrak larruazal beltz-beltzarekin agertzen dira, belarrezko gonekin eta sudurzuloetan hezurtxoak sartuta, baina errealitatea bestelakoa da.

Jemi Paretas aktoreak soldadu espainiar bat interpretatzen du eta filmean nolatan parte hartu duen kontatu zuen. «Iaz, Filipinetan bizi den lagun batekin hizketan, gaztelania dakien aktore baten bila zebiltzala esan zidan. Nire burua aurkeztu, probak egin eta Inuzente Egunean, abenduaren 28an, jakinarazi zidaten hartu nindutela. Luxua, oparia izan da niretzat Saylesekin lan egitea, eta oso-oso erraza. Beldurra nuen halako zuzendari handi batekin aritzeko, baina apala izan da benetan. Buruan argi zituen xehetasun guztiak, baina iradokizunak aditzeko prest ere bazegoen».

Saylesek zinema independentearen aitona gisa definitu zuen bere burua. «Biziraun egin dut hainbeste urte pasata. Aurretik ere baziren zinemagile independenteak; gero ere izango dira», ziurtatu zuen. Esan zuenez, garai zaila da AEBetan zinema independentearentzat eta zail egiten zaie filmak egiteko dirua eskuratzea. Banatzaile gutxi izaten dira film hauentzat eta azpitituludun pelikulak, konplexuagoak, ikusi nahi izaten dituen publikoa ere murritzagoa da. Saylesen iritziz, mundu mailan, gaurko gazteek ez dute film bat jarraian eta zinema-areto batean ikusten, filmak, ordenagailuko jolasak... denak batera ikusten dituzte. «Oso mokadu txikitan eta bizkorretan ikusten ari dira mundua eta uste dut zinemagileen hurrengo belaunaldiek kontuan hartu beharko dutela ikuspegi hori».

Paretasek gaineratu zuenez, zailtasunak zailtasun zinema independentearen uhina areagotzen ari da munduko leku askotan eta badute itxaropena aurrera segitzeko.

Días de diamantes, flores perfumadas y copas de Moët&Chandon

Además de ser días de cine, los del festival son también, en cierta medida, días de diamantes, flores y champán. El lujo y las exquisiteces se cuelan en aquellos lugares por lo que pasean las estrellas del séptimo arte. Son pequeños cambios que adopta la ciudad para acoger una de las citas más importantes del año.

Marilyn Monroe decía que los diamantes son los mejores amigos de la mujer. Tuviera razón o no, el caso es que la talasoterapia de La Perla ofrece el tratamiento «Diamond experience» basado en masajes y el uso de tres brillantes para oxigenar la piel. El servicio está disponible durante todo el año, pero con motivo del Zinemaldia -y hasta la próxima semana-, ofrecen en exclusiva la oportunidad de recibirlo dentro de una burbuja llena de aire puro en un 99%. Según explica Ana Oliva desde el centro, en el mundo existen muy pocos ejemplares, por lo que viaja de un lado a otro. En los Óscar de Hollywood las actrices son fanáticas de los tratamientos a base de diamantes, pero también en Donostia. Leticia Dolera por ejemplo, acudió a La Perla antes de la gala de inauguración, mientras que Belén López y Ariadna Gil estuvieron después.

Otro de los puntos neurálgicos del festival es el hotel María Cristina. Aunque su rutina «no cambia demasiado», según apunta Elena Garbizu desde el hotel, hay detalles que se cuidan de manera especial, como las flores. «Siempre son naturales, pero en estas fechas buscamos composiciones más exclusivas». Acostumbrada a ver caras conocidas, admite que atienden a los «caprichos» de los actores, aunque suelen ser peticiones sencillas «como la marca de un chocolate en concreto».

Para brindar, Moët&Chandon, el champám oficial del certamen donostiarra. Como cada año la casa francesa ha creado botellas personalizadas con piedras Swarosky para cada estrella destinando los beneficios a la Fundación Casa del Actor. Sus burbujas han llenado las copas más glamourosas de las fiestas. O. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo