GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Hogei urteren buruan jendeak taldea gogoan izatea gauza handia da»

p046_f01_250x140.jpg

Mikel Gorosabel «Norton»

EH Sukarra taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea

EH Sukarra albiste iturri bilakatu da azkenaldian abian jarri duen «20 urte» kontzertu bira dela-eta. Izan ere, hogei urteko ibilbide luze eta emankorrari jarraipena ematen dio birak. Bihar gauean zuzenean ariko da Durangoko Plateruenaren ibilbidea errepasatzen duen ikuskizuna taularatzen.

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Hogei urte bete berri dira EH Sukarra taldea agertoki gainera lehen aldiz igo zenetik. 1989ko udan elkartu ziren lehenengoz entsegu lokalean eta urtebete geroago igo ziren taula gainera Soraluzen. Abiada biziko bidea izan da eibartarrena. Lehen urteak frenetikoak izan ziren erabat, eroak. Kontzertuak eta estudioko diskoak etengabe tartekatu ziren, taldearen izena asteburuetako agenda guztietan azaltzen zelarik etengabean. Sukarra laster batean zabaldu zen Euskal Herrian barna gaitz kutsakor baten gisara, abiadura biziko rock&roll doinu melodikoen bidez. Indarra eta kemena soberan zuten eibartarrek, eta horrela erakusten zuten taula gaineko emanaldi sutsuetan. 2002. urtean argitaratu zuten estudioko azken diskoa «Galtzaileen egunak» (Metak diskoetxea), taldearen seigarrena eta azkena oraingoz, eta gerora, taldea desagertzen joan zen etengabean, kasik isildu arte. Azken zortzi urte hauetan taldekide aldaketak jasan dituzte eta bakanak izan dira eskaini dituzten kontzertuak. Egun, taldea berriz ere agertoki gosez dago, eta bidean hogei urte bete dituztela aprobetxatuz taldearen ibilbide osoa laburtzen duen kontzertu bira berezi bat antolatu dute. Taldearen iraganaz eta egungo egoeraz mintzatu gara Mikel Gorosabel Norton-ekin.

Hainbat urte erdi desagerturik egon eta gero, EH Sukarra albiste dugu berriz ere «Hogei urte» bira dela eta.

Bai. Taldearen azken sei urteak nahiko lasaiak izan dira, eta emanaldi gutxi eskaini ditugu denbora tarte honetan. EH Sukarra ez da inoiz desagertu, baina gure jarduera mugatua izan da. Taldean aldaketak izan dira, eta laukote izatetik hirukote izatera igaro gara. Dena berrantolatu behar izan dugu, eta hortik geldialdi luze hau. Alta, 2010 urte hau ona izaten ari da guretzat, eta taldeari martxa hartu diogu berriz ere.

Dagoeneko eskaini dituzue zenbait emanaldi ikuskizun berriarekin. Nola doa bira?

Ongi. Oso gustura gaude jendearen erantzunarekin. Denbora asko erdi isilean egon eta gero, jendea oraindik taldeaz oroitzen dela jakitea gauza handia da.

Zer da zehazki bira honetan eskaintzen ari zaretena?

Ez dugu ezer berezirik antolatu. Bira xume bat egin nahi genuen, muntaia handirik egin gabe. Finean, gure ibilbide osoa biltzen duen emanaldia da egungoa. Lehen diskoko kantuetatik azken lanera bitarte jasotzen duena, eta tartean, duela urte asko jotzen ez genituen kantuak berreskuratu ditugu espresuki bira honetarako. Gaur egun EH Sukarra osatzen dugun hiru kideak aterako gara taula gainera, eta funtsean, rock&roll emanaldi bat eskainiko dugu. Gu bakarrik taularatuko gara, inongo lankidetza edo gonbidaturik gabe.

Ez da erraza izango kantu zerrenda aukeratzea.

Ez da batere erraza ez... Urte hauetan guztietan errepertorio ezberdinak erabili ditugu, baina badira kantu batzuk beti jotzen ditugunak: «Argi ibili», «Kaskogorriak», «Lau teilatu"ren moldaketa, «Hamar urte kartzelan», «Nerbixuak»... eta nola ez, gure ereserkia, «EH Sukarra».

Taldeak 1991n argitaratu zuen bere lehen diskoa Esan Ozenki diskoetxearen babesean. Sekulako eztanda izan zen lan hori.

Bai. Gure sei diskoetatik oihartzun handiena izan zuen lana izan zen gure debutekoa. Gerora argitaratu ditugun diskoek ez dute inondik ere lehenaren arrakasta izan. Beti izan dugu zale multzo bat atzean, baina lehendabiziko diskoarekin jo genuen gaina.

Garaiko sorkuntza izugarria izan zen.

Taldea sortu berria zen eta ideia asko genituen. Kantuak erraz sortzen genituen, eta garai horretan diskoak argitaratzea erraza zen. Egun, ordea, beste egoera bat bizi dugu, erabat ezberdina. Asko aldatu dira gauzak hogei urte hauetan, eta merkatu diskografikoa erabat aldatu da.

2002an argitaratu zen taldearen azken estudioko lana. Denbora asko pasa da orduz geroztik.

Gaur egungo egoerak ez du laguntzen disko baten prestaketa lanetan murgiltzea. Ideia berriak badira, baina esfortzu eta indar handia egin behar duzu horri ekiteko. Kantuak sortzen doazen heinean kanporatzeko beharra hor dago, baina egun ez dugu gure burua ikusten disko baten prestaketan eta horrek atzean dakarren lan guztia gure gain hartzen. Kantuak guretzat egiten ditugu, baina jendeak entzuteko ere bai. Eta bide hori gaur egun ez da oso erraza. Egungo merkatuaren egoera oztopo bat da guretzat.

Zein da egun EH Sukarra taldearen entzulearen profila?

Badugu jende multzo bat hastapenetik hor dagoena, eta taldea betidanik jarraitu duena. Gero, jende gaztea hor dago: kontzertuetara joaten dena eta garai ezberdinetan batu dena taldera. Finean, belaunaldi ezberdinak elkartzen dira gure emanaldietan eta hori polita da. Azken urte honetan berriz gogotsu hartu ditugu emanaldiak eta nabari izan dugu ikusle eta jarraitzaile gorakada, jende gaztea erakarri dugularik gurera.

Musikan toki egitea ez da erraza, baina zailagoa omen da irautea.

Guretzat gauza handia da hogei urte pasa eta gero, jendea gutaz gogoratzea eta gure kontzertuetara etortzea. Nahiz eta azken urteotan taldearen jarduna ez den handia izan, beti izan gara hor. Bestetik, uste dut guk izan genuen bilakaera azkar eta nolabaiteko «boom» hori izatea gaur egun ez dela batera erraza. Oso zaila da egun halakorik gertatzea. Gurea momentu berezia izan zen, ez nuke jakingo arrazoia definitzen.

Bai. 90eko hamarkadaren hasieran egon zen nolabaiteko suspertze bat, eta hor ginen gu ere. Talde berri eta onak sortu ziren, gauzak txukun egiten. Garai hori nolabaiteko mugarri bat da herri honetako musika eszenan. Momentua aprobetxatzen jakin genuela uste dut.

Fitxa

Taldea: EH Sukarra.

Herria: Durango.

Eguna: Bihar, larunbata, Plateruena kafe antzokian.

Ordua: 22.00etan.

Sarrera: 10 euro.

Zuzenean: Azaroak 10, Agurain.

Sarean:

www.myspace.com/ehsukarra.

disko berria

«Hogei urte hauetan gauzak asko aldatu dira diskoak kaleratzeko orduan. Egungo merkatuaren egoerak ez du batere laguntzen disko berri bat argitaratzen»

zaleak

«Bi erako entzuleak ditugu. Taldearen hasieratik hor dauden betiko nostalgikoak batetik, eta bestetik ikusle gazteak. Polita da bi belaunaldi horien uztarketa»

«Kantuak sortzeko erraztasuna izan dut beti»

Laukote izatetik hirukote izatera pasa zen taldea 2002an. Erabaki garrantzitsua izan zen hori.

Beste pauso bat izan zen taldearen bidean. Berrantolaketa bat egin behar izan genuen, eta hiruron artean egoera berrira moldatu. Erabat ezberdina da hiruko edo lauko eran taularatzea, baina musikari bezala erronka polita da.

Era berean, bada agertokira igo ez, baina EH Sukarraren bidean zeresan handia duen beste kide bat: Asier Serreno.

Guretzat urrats handia izan zen Asier taldearen letrak idazten hastea. «Garaien Laberintoan» diskoan hasi zen gurekin eta gerora taldearen norabidea marraztu du hitzetan. Elkarlan horrek Lorelei sortzea ekarri zuen eta egun mantentzen dut lankidetza hori Norton Klub taldean ere.

Finean, letragiletzat baino musikaritzat izan duzu zure burua.

Melodiak eta kantuak sortzeko erraztasuna izan dut beti, baina letren arloa ez da hain erraza izan niretzat. Gustuko dut letrak egitea, baina nire mugak ditut. Asierren letrak ederki uztartzen dira gure musikarekin. Oso identifikatua sentitzen naiz hitz horiek abestean. K. O.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo