GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Monti

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Outsaider-ak, frankotiratzaileak, galtzaileak, kultukoak..... izen asko erabili ohi da kalitatezko bezain zorte txarreko izan diren artistak izendatzeko. Oso onak dira, baina apenas dute eskuratzen arrakasta komertzialik. Ikustezinak dira entzuleriarentzat, ezerosoak musika industriarentzat, konplexuegiak zentzu bakarreko «sloganen» komunikabideentzat. Alex Chilton goian bego! Urteen poderioz eskuratutako «fan» koadrila egoskorra eta estatusa hobetzeko inork ezagutzen ez dituen musikariak aldarrikatzen dituzten kazetari batzuk dira, finean, haien publiko naturala. Horiek eta noski, azken orduan, fede itsuak bultzatuta bezala iristen diren esnob guztiak. Artista «madarikatuen» izenak aipatzeak haien talentu falta ezkutatzen lagunduko dielakoan edo....

Monti izan daiteke euskal outsaider-aren adibiderik garbiena. Hemen egindako rockaren unerik garrantzitsuenetako batzuen protagonista izateak ez du harrokeria mordo baten azpian lurperatu bere gogoa. Zorionez, ez da harrokeria haren dohain nagusia. Ez da tipo sinpatikoa. Ez da tipo txistosoa, ez da party bat animatzera eramango zenukeen lagun graziosoa. Horretarako clown bat kontratatu. Nahi duenean zakarra, oso zakarra, ere izan daiteke Monti eta ahal badu ez du aukerarik galduko bere umore beltz ozpinduaren zipriztinak luzatzeko. Ez uste erraza denik hain kritiko eta zirikatzailea izatea, ezta pentsatu ere. Entrenatuta ere kostatuko litzaiguke. Beraz, ez da familia afari batera eramango zenukeen lagun «erosoa». Zintzoegia da horretarako. Alde horretatik, zuzen betetzen du outsaider-a izateko lehen baldintza naturala; konbentzionalismoek erotu egiten dute Monti.

Primeran betetzen du outsaiderra-ren bigarren legea ere, beste guztiak baino pixka bat urrutirago begiratzeko gaitasunarena. Berak natural hausten ditu beste askorentzat eztabaidaezinak diruditen muga «artistiko/ kulturalak». Etsigarria da ikustea zein erraztasunarekin topatzen dituen mundu kontrajarriak bere altzora ekartzeko moduak. Ziurrenik, ikasteko prest, munduan gertatzen denaz adi egotearen ondorio da hori. Eta Monti etengabe ari da ikasten. Ea gai zaren gure laguna musika talderen batekin ustekabean harrapatzen. Egin proba. Zeuk izena aipatzerako, baietz hark diskografia guztia buruz esan eta gainera hura baino talde sorta interesgarriagoa ezagutzera eman. Alua! Eta hau ez da esnobismoaren seinale, edozein «moderno» lotsarazteko moduko izenak goraipatuko baititu ozen.

Azkenik aipatu behar da arrakasta saihesten jakin behar duela outsaider on batek. Unean uneko erabakiek baldintzatzen badute musikari baten ibilbidea. Trebezia, jarrera eta buru-argitasun handia behar da, erosotasunari muzin egin eta, nahita bezala, beti bide korapilatsuenak aukeratzeko. Azkenean ez dakizu oso ongi zorte kontua edota patu kontua den. Baina horretan ere trebezia aparta erakutsi du Montik. Kexatu ere noizbehinka kexatzen da bere zorte txarra medio (ez dizuet esan, baina batzuetan marmarti samarra ere bada). Baina nola ez du edukiko zorte txarra beti aukerarik zailenak egiten baditu? Arrakasta ez, baina errespetua irabazi beharra dagoen dohaina bada, ongi irabazia du gure Montik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo