GARA > Idatzia > Ekonomia

Metaleko grebak bertan behera utzi ezean, ez duela negoziatuko dio Adegik

p028_f01_148x076.jpg

Amaia ZURUTUZA

Gipuzkoako metal sektoreko hitzarmena berritzeko negoziazio prozesuaren baitan, datorren astearterako ELAk eta LABek deitu duten hitzordura ez dela joango esan zuen atzo Adegik. Izan ere, bi sindikatuok urrirako eta azarorako deitu dituzten zazpi greba egunak bertan behera uzten ez badituzte, patronalak ez duela ezer negoziatuko esan zuen Adegiko Lan Harremanetarako zuzendari Juan Ramon Apezetxeak. Hala, langileek eta sindikatuek aukeratu egin behar dutela baieztatu zuen: «Hitzarmena ala greba».

ELAk eta LABek gogor gaitzetsi zituzten Apezetxearen hitzak atzo bertan, eta Adegi gezurretan ari dela nahiz gauzak bere interesaren arabera kontatzen dituela salatu zuten.

Joan den asteartean izandako bileran, LABek negoziazioa hiru punturen inguruan hastea proposatu zuen eta gainerako sindikatuek eta Adegik onartu egin zuten. Era berean, ELAk eta LABek deituta zituzten bederatzi greba egunetatik lehenengo biak bertan behera uztea erabaki zuten. Adegik, ordea, greba egun guztiak bertan behera uzteko exijitu zien, baina sindikatuek beren deialdiei eutsi zieten eta patronalak negoziazio mahaitik alde egitea erabaki zuen.

Hala nola, Apezetxeak gogor salatu zuen ELA eta LAB langileak «engainatzen» ari direla. Dagoeneko beraien «funtsezko estrategia» ezin dutela ezkutatu ere esan zuen, hau da, «ez hitzarmenari, bai konfrontazioari, liskarrari eta grebari».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo