GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Nafarroako Txapelketa

Larretxeataraita-semeak, elkarren aurkako lehian

Donato eta Ohian bihar arratsaldean Uharte-Iruñean jokatuko den maila nagusiko kanporaketan arituko dira. Horiekin batera, Nazabal, Lopez, Senosiain I.a, Erasun, Rekondo eta Kañamares ere arituko dira.

p043_f01.jpg

Jon LEUNDA

Nafarroako Lehen Mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko da bihar Uharte-Iruñean, 17.30etik aurrera. Kanporaketa honek ikusmin handia piztu du, bertan larretxeatarrak, aita eta semea, elkarren aurka arituko baitira. Goi mailako lehiaketa batean aita eta semea elkarren aurka ikustea oso ohikoa izaten ez den arren, oraingoan horrela izango da.

Donato, aita, finalean izango den zalantzarik ez du inork egiten. Egungo aizkolaririk onenetakoa izaten jarraitzen du, eta semeak ere aukera dezente ditu finalean sartzeko, nahiz eta aurtengoa izango duen maila nagusian arituko den lehendabiziko urtea.

Larretxeatarrez gain, Nazabal, Lopez, Senosiain, M. Kañamares, Erasun eta Rekondo arituko dira. Lehen bostek finalerako txartela eskuratuko dute, eta azkeneko saio hori urriaren 3an jokatuko da Etxarri Aranatzen.

Kanporaketa honetan emozio handiena sortzen duena finalean zeintzuk izango diren jakitea da, larretxeatarren lehiarekin batera. Berez, bi aizkolarik maila galtzen dute, baina aurtengoan ez da horrelakorik izango. Joxejuan Barberena eta Miel Mindegia ere hemen aritzekoak ziren, baina uko egin diote biek lehiaketan aritzeari. Uztailean jokatu zen binakakoan aritu ziren, baina, lehen Euskal Herrikoarekin egin bezala, bakarkako lehiari uko egin diote, eta bi horiek galduko dute, beraz, maila.

Nahiko garbi

Finalerako bost postuetarako, hiru dira hautagai nahiko argiak. Izan ere, Nazabal, Larretxea eta Lopez hortik kanpo geratzeko espero gabeko zerbait gertatu beharko litzateke. Une honetan, besteen gainetik daude hirurak, eta garbi dago oker handiren bat izan ezean, hirurak izango direla lehen bost postuetan eta, segur aski, baita lehenengo hiruretan ere.

Emozioa hortik aurrera egongo da. Gainerakoek maila galtzeko beldurrik gabe aritzeko aukera dute, galtzeko ezer ez eta irabazteko asko dutela. Dena dela, zaleen ustez, Erasun eta Ohian Larretxea izan daitezke hor sar litezkeen beste biak, baina oso kontuan hartu beharko da Senosiain, esaterako. Olaguekoak eskarmentu handia dauka, eta final asko jokatu ditu, bai Nafarroakoan, bai eta Euskal Herrikoan ere.

Jon Rekondok ere badu maila, nahiz eta Euskal Herriko kanporaketan ez zen batere ongi aritu eta maila nagusia galdu egin zuen. Orduko arantza ateratzeko aukera paregabea izango du leitzar gazteak. Manolo Kañamares beteranoak ere ez dauka galtzeko ezer. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu beharko ditu.

Etxeberria nagusi bihurtzeko atarian dago

Ikusmin ikaragarria piztu du bihar arratsaldean Idoia Etxeberriak Iruran egingo duen marka saiakerak. 17 urteko harri-jasotzaile oriotarrak 137,5 kiloko harri errektangularra jaso nahi du bizkar gainean, eta horretarako bost minutuko txanda bakar bat izango du.

Bihar urtebete plazaratu zen lehen aldiz, eta bere herrian, Orion, egin zuen. Lehen egun hartan 120 kiloko harri errektangularrarekin marka pertsonala egin zuen, eta ikusi zuten guztiak txundituta utzi zituen. Ordutik, beste marka bat ere egina du, bai eta Euskal Herriko txapela jantzita ere. Hasiera batean, 135 kilokoarekin joatekoa zen, baina bere burua ongi ikusten duenez, 11 arroakoarekin joateko hautua egin du. Orain arte marka Miren Urkiolak dauka 133 kilokoarekin, eta hori ontzen badu, emakumezko batek inoiz plazan jaso duen harririk handiena jasoko du.

Bihar Irurara joaten direnek, ordea, ez dute Etxeberriaren saioa bakarrik ikusiko. Otaegi eta Muhika Arrospide eta Mugertza II.aren aurka neurtuko baitira aizkoran. Jaialdia plazan izango da, baina eguraldi txarra egingo balu, pilotalekuan izango da ikuskizuna. J.L.

Euskal Herriko finalak ez du ez datarik ez lekurik

Maila nagusiko Euskal Herriko finalak oraindik ez dauka ez datarik, ez eta lekurik ere. Krisi garaian ez da erraza honelako final bat hartu nahi duten herriak topatzea, baina federaziotik jokatuko den itxaropen osoa dute. Kanporaketa abuztuaren amaieran jokatu zen Berrobin. Iazko finala abenduaren amaieran jokatu zen Arbizuko pilotalekuan.

Jutsiren eta Urruñaren arteko desafioa izango da

Jutsi eta Urruñako Herri Kirolak Bai taldeen arteko desafioa jokatuko da gaur 16.30etik aurrera Jutsin. Iaz Urruñan neurtu ziren, eta aurten Nafarroa Beherean arituko dira. Zazpi kiroletan lehiatuko dira, eta Urruña izango da irabazteko faboritoa. Lapurtarrak iazko ekinaldia nahiko erraz irabazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo