GARA > Idatzia > Ekonomia

Bere etxebizitzak alokairu sozialerako eskainiko dituen erabaki beharko du Kutxak

Kutxako Batzar Orokorreko 100 kontseilarietatik 21ek hainbat proposamen igorri dizkiote lehendakariari datorren bilkurako gai-zerrendan sar ditzan. Etxebizitza alorreko hainbat neurri proposatu dituzte.

p020_f01_148x084.jpg

Amaia ZURUTUZA | DONOSTIA

Kutxako 21 kontseilarik idatzi bat igorri zioten atzo aurrezki kutxako lehendakari Xabier Iturberi, hurrengo ohiko Batzar Orokorreko gai-zerrendan kontseilari talde honek izenpeturiko hainbat proposamen sar ditzan. Gutuna igorri aurretik hainbat kontseilarik azaldu zutenez, Kutxaren estatutuen 24. artikuluak hau dio: «Gutxienez batzarkide guztien %20ren sinaduraz babesturik aurkezten diren proposamenak Batzar Orokorrak eztabaidatu eta erabaki egin behar ditu».

Aurkeztu dituzten proposamenak bi arlotakoak dira. Etxebizitzaren ingurukoak batetik, eta Gizarte Ekintzari dagozkionak bestetik. Hala, Gipuzkoan etxebizitza alorrean dagoen arazoaz «kezkatuta» daudela adierazi diote kontseilariek Iturberi, eta arazoa konpontze aldera «Kutxak zerbait egin dezakeela» uste dutela. Zentzu horretan, hiru neurri zehatz proposatu dituzte. Lehenik, Kutxak Gipuzkoako etxebizitza sektorean esku hartu eta egitasmo bat gauzatzea, zeinak alokairuko etxebizitzen aldeko bidea lehenetsiko duen. Era berean, egitasmo hau 2011. urteko lehen Batzar Nagusian aurkeztu dadin eskatzen dute. Bestalde, Kutxak dituen etxebizitza guztiak, baita azken hilabeteetan krisialdiaren ondorioz nahiz esleipen eta emateen bitartez eskuratu dituenak ere, alokairuko etxebizitza sozial gisa merkaturatu ditzan proposatzen dute.

Azkenik, Gipuzkoako aurrezki kutxak Donostiako Loiolako Erriberan jaso zuen eraikina «ahal bezain bizkor» alokairuko etxebizitza sozial gisa antolatzeko behar diren neurriak har ditzan nahi dute.

Era berean, Kutxaren urteko irabazien %50 Gizarte Ekintzarako gordeko dela berma dadila nahi dute kontseilariak, indarrean dagoen legeriak ere hala agintzen baitu. Kutxako Batzar Orokorrak erakundearen eta Gizarte Ekintzaren pribatizazioaren aurka dagoela argi adierazi dezan eskatu dute.

Kutxako estatutuek hala zehazten dutenez, entitatearen hurrengo ohiko Batzar Orokorrean bozkatu egin beharko dituzte 21 kontseilari hauek aurkezturiko proposamenak.

Batzarra 100 kontseilariz osatuta dago: 43 bezeroek aukeratzen dituzte, 10 Donostiako Udalak eta beste 10 Gipuzkoako Aldundiak, 7 Kutxako langileek eta, azkenik, gainerako 30ak Gipuzkoako udalerriek. Proposamen sorta hau babesten duten 21 kontseilarietatik, 12 Banatuz plataformakoak dira, bezeroek aukeraturikoak, 8 Gipuzkoako hainbat udalerrik hautaturikoak eta beste bat LAB sindikatuko ordezkaria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo