Pello ZABALA Eguraldia aditua
Urria
Hara beste hilabete eguna, ez egutegiko 30 edo 31 egunekin bat, baizik eta naturaren nondik norakoekin gehiago zaindu izan dena. Zer da urrilean urritzen ari dena? Edo urritzaren fruituen aroa ote, inoiz esan zaigun eran? «Urri-illa» deitu zion Iztuetak aspaldi. «Mats eldu eztanentzat lez urrilgo aize errea» bildu zuen Resurreccion Maria Azkue handiak. «Urrillaren 22an», Eguzkitzak Zornotzan. «Ara emen 1951go urri-illean», dio Munita apezak. «Urril erdi-tsuko goizaldi eder eta ego-aizetsu batez», berriz, Etxaidek “Joanak joan” eleberrian. «Urrillak 10», Txillardegik Leturiarenean. «Lan ori urri-illak dakar geienian», dio Uztapidek. «Datorren urrilean edo», dio, aldiz, Plazido Mujikak.
Baina, halaber, bai Joxe Mari Satrustegiren “Euskal testu zaharrak” lanean, hala nola “Erizkizundi Irukoitza” lan bikainean, «urri-illa», «urril» nahiz «urrilla», irailatzat ageri zaizkigu. Urteko X. hilabetea ez, baizik IX.a, alajainena.
Baina, halaber, bai Joxe Mari Satrustegiren “Euskal testu zaharrak” lanean, hala nola “Erizkizundi Irukoitza” lan bikainean, «urri-illa», «urril» nahiz «urrilla», irailatzat ageri zaizkigu. Urteko X. hilabetea ez, baizik IX.a, alajainena.
Gure asaba haiek, egutegi berrien zenbakietan baino ilargiaren gorabeheretan sinesten baitzuten. Haren uhinetan eta kosketan surfeatu beharra zeukaten, uztaren aztarrenak ongi eta egoki mandioratuko eta ganbaratuko bazituzten. Horregatik, hilabeteen zenbakiak ez baino, belaze, soro, sagasti (sagardoa egingo bazuten), mizpiradi (Gabonetarako mixpira goxoak postrerako izango bazituzten), txaradi, garobarruti (iñaurkiñak bildu ahalko bazituzten), gaztainadi (negurako ale mamitsuak biltzeko), baso eta beste... haien guztien martxa on edo eskasak seinalatzen zien garai eta aroaren izena. San Miel sasoi honetan, beti ere, dena urri, eta urri-illa beharko, derrigorrean urritasun gorriaren hila. Eta gehien urritzen doana egun-argia bera baita. Duela hilabete seinalatu nizuen, nola irailak ordubete eta 18 minutuz urritzen zuen egun-argia. Hartantxe darraio: duela 5 egun, joan den igandez, gau-egunak berdintsutzera iritsi zen: 6.06ean jaiki eguzkia eta 18.06ean sartu; gaur bertan ja, 6.00ak eta 11 minututan atera behar zuen eguzkiak, 5 minutu berantago, eta sartu, ordea, 17.57ean, 9 minutu lehenago. Alegia, 14 minutu moztu ditu 5 azken egunotan. Hori urritze handitxoa ez bada?!