GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Begiratu gabe, ezin ikusi

Dorleta URRETABIZKAIA Aktorea eta idazlea

Irailarekin batera, Zinemaldiko izar argitsuak hiritik aldendu zaizkigu. Zinema aretoak hutsik geratu dira eta kaleetan izarren hautsa baino ez zaigu geratu, euren presentziaren oroigarri gisa. Hiria normaltasunera itzuli da eta egunerokoarekin batera, antzerkiaren izar txikiek euren argitasuna berreskuratu dute. Izan ere, gaur hasten da Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia. Aurtengo edizio honetan familia osoari zuzenduriko 37 ikuskizun izango ditugu orotara. Eta Jaialdiari hasiera emateko, Handspring Puppet Company talde afrikarraren «Woyzeck on the highveld» antzezlana ikusi ahal izango dugu gaur Printzipal antzokian. Honako hau Georg Büchneren klasikoan oinarrituriko lana da eta jeloskortasunaz, hilketaz eta gizartearen kontrako gizabanakoaren borrokari buruz mintzatzen zaigu, besteak beste.

Baina beste klasiko batzuen moldaketak ere izango ditugu bertan, hala nola Ingmar Bergmanen «Escenas de un matrimonio», Arthur Millerren «Todos eran mis hijos», Alessandro Bariccoren «Sin sangre» eta Tennesse Williamsen «Un tranvía llamado deseo». Klasikoz beterik datorren edizio honetan, programazioaren erdia atzerriko konpainiek osatuko badute ere, euskal taldeek izango dute euren lekua. Hala nola, Teatro Paraísoren «Vuela si puedes», Hortzmuga taldearen «La espera», Damian Muñoz-en «Pobres bestias», Tanttaka taldearen «No me hagas daño» eta Markeliñeren «La isla desconocida». Eta esan beharra dago, joan berri zaigun Felix G. Petite-ri omenaldia eskainiko zaiola berrogei urteetan zehar egindako lan oparoa dela eta.

Hilaren 3an ere, haurrei zuzenduriko Agerre Teatroaren «Nork ikusi du Dultzinea?» antzezlanaren estreinaldia ikusi ahal izango dugu Villabonako Gurea antzokian. Haurrei zuzenduriko antzezlana izanda ere, badu helduentzako mezu sakonik, izan ere, haurrek, eroek bezala, helduek ikusterik ez dutena ikus dezakete, helduek ez baitute inora begiratzen, batetik bestera korrika baitabiltza beti. Eta ikusi ahal izateko begiratu egin beharra dagoela gogorarazi nahi digu «On Kixote» klasikoan oinarrituriko lan honek.

Eta hilaren 9an berriz, Santurtziko 31. Nazioarteko Antzerki Jaialdia hasiko zaigu. Aurtengo edizioan 19 ikuskizun izango ditugu orotara eta ez hori bakarrik, aurtengoan, publiko gaztetxoagoari tarte berezi bat eskainiko zaio ostegun arratsaldeetan eta etxeko txikienei, berriz, igande arratsaldeetan. Izan ere, antzerkia ikusi ahal izateko, begirada landu beharra dago, orduan bakarrik izango baitugu geroan, antzerkia begiratuz, antzerkia ikusterik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo