GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Monteverdiren Poppeak abiatuko du Arriaga antzokiko lirika denboraldia

Bilboko Arriaga antzokiak gaur hasiko du lirika denboraldia, Claudio Monteverdiren (1567-1643) «L'incoronazione di Poppea» operarekin. Sexu eta botere istorioa da, Neronen bigarren emaztearen bizitza kontatzen duena. Kenneth Weiss izango du musika zuzendari eta Emilio Sagi, berriz, eszena zuzendari. Gaur eta bihar izango da ikusgai, 20.00etatik aurrera, Arriagak Oviedo, Jerez eta Valladolideko antzokiekin batera koproduzitutako opera hau.

p049_f02_148x92.jpg

GARA | BILBO

Emilio Sagik, Arriaga antzokiko zuzendari artistikoa eta «L´incoronazione di Poppea» obraren eszena zuzendariak, aurkeztu zuen atzo lau antzokiren arteko koprodukzio hau. Arriagak, Oviedoko Operak, Jerezeko Villamarta antzokiak eta Valladolideko Calderon antzokiak hartu dute parte.

«L´Incoronazione di Poppea» lanak Giovanni Francesco Busenellok egindako libretoa dauka. Atarikoa eta hiru ekitaldi dituen dramma musicale hau Veneziako Teatro dei Santi Giovanni e Paolo antzokian antzeztu zuten lehen aldiz, 1643ko inauterietan. Musika Claudio Monteverdirena da (1567-1643), eta lirika antzezteko erabiltzen ziren ordura arteko areto aristokratikoetatik kanpo antzeztu zuten aurrenetako opera izan zen. Ikusleek sarrera ordaindu behar izan zuten lehena.

Istorioak Poppearen bizitza kontatzen du. Emakume handinahia eta eskrupulurik gabea zen eta Erromako enperatriz bihurtuko zuen tronuraino gorantz egin zuen, horretarako Neron despotarekin ezkonduz.

Sagik azaldu zuenez, «gaurkotasun handiko» istorioa da, nahiz eta K.a. 65. urteko Erroman girotutakoa izan. Bestalde, Erroma klasikoko ikuspuntutik urrundutako muntaia bat egin nahi izan dutela azaldu zuen Sagik, eta Patricia Urquiola diseinatzaile eta arkitektoak ikuskizun honetarako sortu duen eszenografia soila nabarmendu zuen.

Eszena zuzendariak antzezle-zerrendaren gaitasun «harrigarriak» goraipatu nahi izan zituen. Orotara 17 abeslari izango dira Arriaga antzokiko taula gainean; «eurek egin dute posible, ekipo bikaina osatuz, obra koral eta konplexu honen taularatzea». Muntaia Oviedon estreinatu zen duela 20 egun eta sekulako arrakasta izan zuen, Sagiren esanetan.

Aurkezpenean, Kenneth Weiss musika zuzendariak ere hartu zuen hitza eta, aitortu zuenez, beretzat erronka handienetakoa XVII. mendeko orkestra bat birsortzea izan da eta horretarako hemezortzi instrumentu erabili ditu.

POPPEA

Opera honek Poppea izeneko emakumearen istorioa kontatzen du. Erromako enperatriz bihurtzeraino egindako bidea, Neron despotarekin ezkondu arte.

ORDAINTZEN LEHENA

1643ko inauterietan antzeztu zen obra lehen aldiz eta ordura arteko areto aristokratikoetatik kanpo izan zen. Ikusleek sarrera ordaindu behar izan zuten lehenengo opera da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo