GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

U-2, 100.000 baietz

Martxan den trenak dagoeneko gainditu beharreko oztopoak topatu dituen arren, bere bidean darrai. PNVren, PSEren eta azken finean betikoen zangotrabatzeak falta ez diren arren, aurrera darrai

Lokarri, Askapena, Anitzak, Elkartzen, EHE, Lau Haizetara Gogoan, ESAIT, Iratzarri, Euskal Herriko Antifaxista Taldea, CNT, Eguzki, Gernika Batzordea, Etxerat, Gite Ipes, TAT, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, Alternatiba Gazteak, Euskal Herriko Kristau Elkarte Herritarrak, Frente Sindical Salvadoreño, Unione-Sindacale de Base (Italia) Cestes Fundazioa (Italia), Movimiento Peronista Revolucionario (Argentina), Movimiento Asambleas del Pueblo (Argentina), Agrupación Martin Fierro (Argentina), Unión Internacional De Sindicatos (UIS) de la Función Pública de Europa, Intersindical Catalana, Central Unitaria de Traballadores e Traballadoras (Galizia), Bilboko hainbat konpartsa eta beste zenbait gizarte eragilek biharko Bilborako deitutako manifestazioan parte hartzera dei egin dute, «eskubide guztien alde hasitako bidea geldiezina» izan dadin.

Zerrenda luzea da, euskal herrietan beren lana inurri modura egiten duten hainbat eta hainbat taldek eta norbanakok osatutakoa, debekurikez.blogspot.com helbidean. Daudenek osatzen dute zerrenda eta inondik inora berauei muzin egin nahi izan gabe, faltan bota ditut gizarte eragile zenbait. Egunerokotasunean gehien eragiten duten taldeak hain zuzen ere. Ez nuke gaizki ulerturik gertatzerik nahi eta derradan aitzinetik adibide bezala erabiliko dudala hurbilen tokatzen zaidana. Beste asko faltan bota ditudan bezala, bat Bertsozale Elkartea izan da. EHBE siglak irakurri ditut, baina Euskal Herriak Bere Eskolarenak direlakoan nago. Adibidetzat hartzearen beste motiboetako bat da hauxe, inori mespretxu egin nahi izan gabe; iruditzen baitzait Bertsozale Elkarteak Euskal Herriak Bere Eskola taldeak baino askoz indar, gaitasun eta modu gehiago dituela jendearengan eragiteko. Erakunde, talde eta elkarte gutti batzuk dute gaur egun euskal herritarrengana iristeko aukera, beraiengan eragiteko ahalmena. Gatazkaren konponbiderantz doan trenera igotzeko aukera ematen ez bazaie edo igotzen ez badira, askoz zailagoa izango da geltokira iristeko zeharkatu beharreko bidea.

Baina etorkizuna beti hasten da bihar eta etzi bukatzen ez denez, beti dago denbora trenari bagoi berriak eransteko. Martxan den trenak dagoeneko gainditu beharreko oztopoak topatu dituen arren, bere bidean darrai. PNVren, PSEren eta azken finean betikoen zangotrabatzeak falta ez diren arren, aurrera darrai. Baina, jakina: Denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuek -berriz ere- dena eman behar ez dezaten. Hainbeste urtetan indarkeria askorentzat errekurtso erraza besterik ez dela izan argi erakusteko parada ezin hobea eskaintzen du biharkoak. Gustura ikusiko nuke horren froga txiki bat bada ere. Azken egunek erakutsi diguten indarkeriaren eta armen inguruko hipokrisiak ez dit itxaropenik areagotzen, baina tira, baliteke atxiloketak, etxeen txikitzeak, torturak... desagertzea ez dela ezertarako baldintza. Askori «plumeroa» ikusten hasia zaio eta ez da goxoa izango beraien eskutik bidea egitea. Baina egin behar bada, jakina, egingo dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo