«Udalbiltzaren eta ETAren arteko harremana» ezin dute frogatu
Fiskaltzak aurkeztutako perituak, polizia espainol batek, Udalbiltzaren jarduera «publikoa eta legezkoa» zela aitortu zuen. Ezin izan zuen epaile aurrean Udalbiltzak ETArekin edo Ekin-ekin harremanik izan duenik frogatu, ezta auzipetuen txostenetan egozten zaizkien delituen inguruko dokumentaziorik aurkeztu ere. Epaiketak bihar jarraituko du.Nagore BELASTEGI |
Fiskaltzak atzoko saioan aurkeztu zuen perituetako batek Udalbiltzaren lana «publikoa eta legitimoa» zela adierazi zuen. Horretaz gain, ETAk Udalbiltzari aginduak eman izana frogatzerik ez dagoela ere onartu zuen poliziak.
Partzuergoa udalek egindako diru ekarpenen bidez finantzatzen zela eman zuen aditzera eta figura hori Udalbiltzak izaera juridikoa eta jarduteko gaitasuna izateko sortutako tresna publikoa dela nabarmendu zuen. Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa herritarren ekarpenarekin martxan jarri zela ere adierazi zion epaileari poliziak.
Udalbiltzaren sorrerari buruzko datuak eman ostean, «Udalbiltza-Kursaal» izendatu duten hori ez dela existitzen onartu zuen, izen hori poliziak jarritakoa dela gaineratuz. Auzipetuek beti esan izan dute kontzeptu hori ez dutela beraiek asmatu, baina orain arte poliziak ez du hori aitortu. Akusazioen lekukoek esandakoa ere ezeztatu zuen poliziak eta «ministerioak» kontzeptua ez dela Udalbiltzaren inongo agiritan agertzen argitu zuen.
Irailaren 15ean epaiketaren seigarren saioa egin ondoren, atzo jarraitu zuten adituen frogak aurkezten. 10.30ean hasi zen epaiketa eta akusazioak bi polizia lekuko gisa deklaratzera deitu zituen. Bietako bat ez zen bertaratu eta bestea bideokonferentzia bidez mintzatu zen. Berak hitz egin zuen tarte laburrean EHNArekin lotutako dokumenturik atzeman zutenik ez zuela gogoratzen aitortu zuen.
Jarraian, epaileak sei peritu deitu zituen, lau polizia espainol eta bi guardia zibil, baina polizietako batek besterik ez zuen hitz egin guztien bozeramaile gisa. Perituek «neutralak» izan behar dute, baina sei horietako batek gutxienez instrukzioan parte hartu zuen.
Harridura eragin zuten perituaren hitzek, Udalbiltzak eraikuntza nazionalaren alde publikoki lan egiten zuela eta bere ekintzak zilegi zirela onartu baitzuen poliziak. Azaldu zuenez, gainera, ETAk Udalbiltzako inori agindurik eman izanaren frogarik ez du poliziak.
Banakako defentsa
Poliziaren deklarazioen arabera, Udalbiltza Ekin-ekin eta ETArekin lotzen duena bere xedea da, kohesio nazionala lortzeko nahia, alegia, eta EKINen dokumentuetan erakunde nazionalari aipamena egiten zaiola.
Udalbiltzak egindako «delituei» buruz ere mintzatu ziren, eta EHNA eta Euskal Herriko Eskubideen Karta tramitatu izana egotzi zioten erakundeari, horiek delituak direla frogatzerik izan ez zuten arren.
Horren ondotik, Jone Goirizelaia abokatuak galdekatu zuen peritua, batez ere txostenean agertzen diren datuen inguruan. Abokatuak salatu zuen poliziek informazioa lortzeko entzuketak, miaketak eta atxiloketak egin zituztela eta txostenean atxilotuetako baten deklarazioetatik «interesatzen zaiena soilik» sartu dutela. Bestalde, atxilotuen txostenak egiteko zertan oinarritu ziren galdetu zuen abokatuak, dituzten datuak nondik atera diren garbi ez dagoelako.
Poliziakideak adierazi zuen Miren Odriozolaren txostena miaketetan lortutako agirietatik eta agiri publikoetatik lortutako datuekin osatu zutela, baina Urko Irastorza eta Juan Carlos Alduntziri buruz esan zuen txostenetan leporatzen zaizkien delituak frogatzeko dokumenturik ez dutela.
Txema Jurado eta Ibon Arbuluk Udalbiltzan kargurik ez zutela esan zuen poliziak, eta txostenek Arbuluk Ekin-ekin lotzen duten arren, bileretan egon zen ala ez ez dakitela aitortu zuen. Jurado herri plataformen kudeaketa-koordinatzailea zela ere ezin dute frogatu.
Eider Casanovari dagokionez, poliziak esan zuen kirol batzordearen koordinatzailea zela, baina ezin izan zuen zehaztu zenbat bileratan izan zen. Hala ere, esan zuenez, Herria Aurrera-rekin eta Barakaldoko herri plataformarekin «nolabaiteko harremana» izan zuen, baina ez zekien Udalbiltzak horiek koordinatzeko agindurik eman zion. Goirizelaiak gogorarazi zuen herri-plataformen sorrera Hauteskunde Legeak zehazten duela eta horren arabera, sinadurak biltzea derrigorrezkoa dela.
Guardia zibilak berretsi
Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarrak hitza hartu, eta Udalbiltza ETA-Ekinek sortutakoa den galdetu zuen. Guardia zibiletako batek hartu zuen hitza orduan eta aurreko perituak esandakoa berretsi zuen.
Saioak 19.20 arte iraun zuen eta gaur jarraituko da. Zortzigarren saioan ere perituak izango dira eta defentsako abokatuek euren galdeketa txandekin jarraituko dute.
Jone Goirizelaia abokatua defentsaren galderak egiten ari zenean, perituetako batek haren kontrako irainak bota zituen. Magistratuak hitzak entzun eta grabazioak gorde zituen.