Izena Abizena www.elomendia.com
Adituen itsukeria
Terrorismoan «aditu» diren horiek ez dute asmatzeko ohiturarik. Areago, etengabean okertzen dira. Aurreikusten dutena ez da inoiz ere gertatzen eta errealitateak gainditzen ditu. Baina adituak dira eta kito
Lehengoan, autoan nengoela, espainiar irrati baten emisioa hartu eta «terrorismo aferetako aditu» batekiko elkarrizketa aditu nuen. Tipoa Zientzia Politikoetako irakaslea da Madrilgo unibertsitate batean. Ez zen beste emisorarik ongi aditzen eta gizon horren hitz-jarioari erreparatu nion. Hitz-jarioa esan dut? Ez, ez, «hitz trabaketa» zen, oso trebea ez baitzen, egia esan. Baina ongi ikasia zuen ikasgaia, eta izugarrizko ergelkeriak kateatu zituen minutu gutxitan. Esandako batzuk gezur huts eta borobilak ziren. Besteak entzun ondotik, irakaslearen osasun mentalaren inguruko zalantzak biderkatzen ziren. Panfleto pisu eta itsusia zen, gorrotoz betea, inolako azterketarik gabekoa. Gaizki jositako topiko sorta. Eta aditu gisa aurkezten zuten, aditu bati egiten zaizkion galderak eta guzti.
Zorigaitzez, hura ez da salbuespen baten isla. Horrelakoak hartzen dituzte aditu gisa.
Hura mezu poliziala zen, politikagintzaren ukapenaren betiko leloa. Kuartelilloko mezua, baina irakasle baten ezpainetan. Kutsu akademikoa ez zen inondik agertzen, baina gizonaren tituluak dena argitzen zuen: aditu bat zen.
Biziki tristea da, baina jende askorendako horiek dira erreferentzia eraginkorrak. Horien inguruan sortzen dira gehien zabaltzen diren «errelatoak». Euskal Herrian irekitzen ari den egoeraren aurrean espainiar Gobernuak hartu duen jarrera itxi eta erasokorra indartzeko balio dute mezu horiek, eta horregatik agertzen dira behin eta berriro hainbat komunikabidetan.
Alde batetik, «biktimak», ideologia emozioz mozorrotzeko. Bestetik, «adituak», ideologiari irudi zientifikoa emateko. Etengabean errepikatzen diren formulak baliatuz, eztabaida politikoa ukatu nahi dute eta, batez ere, hitza kendu nahi diete herritarrei. Euskal herritarrei, jakina, baina baita espainiar herritarrei ere. Toxikazioa haiendako ere bada, mutu geldi daitezen, ardien moduan, agintarien mezuak ontzat eman eta zabal ditzaten. Finean, erabiltzen dituzten tresna horien bidez, jendartea menderatu nahi dute, komeni zaien norabidea ezarriz.
«Ez duzue pentsatu behar» -esaten diete espainiar agintariek espainiar herritarrei- «horretaz gu arduratzen gara». Adituek zerbitzu ederra ematen diote Estatuaren estrategiari, eta ordaina ez da nolanahikoa: Euskal Herria zer den ez dakien kaiku batek izugarrizko erreferentzialtasuna lor dezake. Negozio polita izan daiteke «aditutasuna» ergel askorendako, eta bistan dago aukera baliatzen dutela.
Terrorismoan aditu diren horiek ez dute asmatzeko ohiturarik. Areago, etengabean okertzen dira. Aurreikusten dutena ez da inoiz ere gertatzen eta errealitateak gainditzen ditu. Baina adituak dira eta kito. Zenbat gauza ezberdin, eta askotan kontrajarri, idatzi ditu, adibidez, Aizpeoleak «El Pais»-en? Aizpeolearen tesi guziak Aizpeoleak berak baztertu ditu, idatziz.
Hor dugu Mayor Oreja, urratsak gertatu baino askoz ere lehenago ikusten dituena! Lizarra-Garaziko aldarrikapenaren aurreko sukalde lana usaindu ere egin ez zuena!
Ustekabe ederrak hartu behar dituzte aditu hauek oraingoz ere. Izan ere, adituak balira, dagoeneko ulertuko zuten gure geroaren jabe izateko determinazioa dugula euskal herritarrok.