GARA > Idatzia > Kultura

Luis Sepulveda, Biarritzeko jaialdiko gonbidatuen artean «goraipatuena»

Luis Sepulveda Txileko idazlearekin egindako topaketa aurtengo Biarritzeko jaialdian izandako hitzordu nagusienetakoa izan da. Bi orduz berarekin egoteko aukera izan dute ikusleek Biarritzeko Kasinoan. Gaur eta bihar azken proiekzioetara hurbiltzeko aukera izanen da.

p047_f01_97x168.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

Joan den astelehenean hasi zen eta bihar emanen diote amaiera Biarrizko Latinoamerikako jaialdiari. Astebetez, besteak beste, Txile, Brasil, El Salvador eta Venezuelako kulturaren berri izateko aukera izan dute, zinegela zein areto nagusietara hurbildu diren milaka lagunek.

Iazko edizioak izan zuen arrakastari eutsiz, aurten ere zinegelak beterik izan dira proiekzio eta elkartze gehienetan. Brasili buruzko hitzaldien bidez, Lula hobeto ezagutzeko aukera izan dute bertaratu diren gazteek, eta, zinegeletan, berriz, zinemagile zein aktoreak zuzenean ezagutu eta beraiekin ideiak trukatzeko aukera.

Hala eta guztiz ere, egunotako hitzorduen artean, arrakastatsuena ostegun goizean Luis Sepulveda Txileko idazlearekin egin zen elkartzea izan da. Jende andana hurbildu zen Biarritzeko Kasinora idazleak 2010ean idatziriko «La sombra de lo que fuimos» liburuaren aurkezpena ikustera.

Uriberen eleberria aipagai

Ikusle asko nahitara hurbilduak ziren Biarritzera idazlea bertatik bertara ikusi eta berarekin tarte labur batez egoteko. «Sepulvedaren liburu guztiak irakurriak ditut», esan zuen bertan zegoen emakume batek idazleari liburua izenpetzeko eskatzera hurbildutakoan.

Heldu zein gazte, adin guztietako lagunak izan ziren bi orduz Kasinoan Sepulvedaren hitzaldia entzuten. Txileko idazleak bere burua Cervantes espainiar idazlearekin konparatuz aurkeztu zuen, eta idatzitako obretan barnatzerakoan, «ez dago deus ederragorik ipuin bat kontatzea baino», bota zuen.

«Idazten dugunean zailena ipuinari bukaerako ukitua ematea da. Hori egindakoan ez zara sekula itzultzen ahalko sortu duzun mundu horretara. Horregatik saiatzen naiz ahal bezain emeki idazten», argitu zuen. Horretan, idazten zuelarik «oso ongi pasatzen» zuela nabarmendu zuen txiletarrak.

«Mundu berezi bat da idazkera. Liburu bat idazten hasten naizelarik bereziki gustukoa dut momentu bat, hots, sortutako pertsonaiak nigandik urrundu eta independente bilakatzen diren unea. Une horretan beraiek idazten laguntzen didate», nabarmendu zuen.

Sepulvedarentzat idaztea da munduko plazer handienetariko bat, baita irakurtzea ere. Izan ere, Euskal Herrian izaki, azken urteotan irakurri duen liburu onenetarikoen artean kokatu zuen Kirmen Uribek 2008an idatzitako «Bilbao-New York-Bilbao» eleberria.

Idazle «inplikatu» gisa definitzen ahal den galdera luzatu ziotelarik, Sepulvedak, «idazle bat herritar» bat baizik ez dela adierazi zuen. «Herritar bat izatea esan nahi du norberak badituela eginbeharrak eta eskubideak. Eta horietan dago bizitza sozialean eta politikoan parte hartzea. Ni herritar gisa inplikatzen naiz», argitu zuen.

Maputxeen borroka

Sepulvedak, erbestean bizi ondoren Txilera itzulitakoan ikusitako herriaz mintzatzeko aukera ere izan zuen. «Oso herri ezberdina aurkitu dut, guztiz arrazista, eta elkartasun konplexu handia duena. Ekonomikoki egoera onean, baina, biztanleen %5ek bakarrik gozatzen duena», esan zuen.

Maputxeek bizi duten bazterketa aipatu zuen bereziki, eta, horretan, Txilen hogeita hamabi maputxek hirurogei eta hamar egun gose greban daramatzatela gogorarazi zuen. «Garai bateko Hegoafrikako apartheidaren parekoa da nolabait zapaldutako herri horrek bizi duen egoera. Baina, halere, Txilen, gizarte normalizazio baten aldeko jende on asko dago oraindik ere», gaineratu zuen azkenik Txileko idazleak.

Idazlearekin bigarren topaketa bat izango da gaur, arratsaldean herriko Kasinoan. Literatura topaketen karietara, Luis Sepulveda txiletarraren eta Iban Zaldua euskal idazlearen arteko eztabaida entzuteko aukera izanen da.

PROIEKZIOAK

Bihar, gaur gauean sariren bat jasotzen duten film guztiak proiektatuko dituzte. Horrekin batera, tango ikastaroa eta beste hainbat animazio izanen dira Kasinoko gunean.

Besarkada sarien gaualdia

Gaur arratsean Biarrizko Gare du Midi aretoan eginen den jaialdiaren amaiera gaualdian azalduko dituzte aurtengo edizioko saridun nagusiak. Epaimahaikideak bost egunez film labur, dokumental eta film luzeen lehiaketetako lanak ikusten aritu ondoren, gaur sail bakoitzeko Urrezko Besarkada sariaren irabazlea zein den ezagutaraziko dute, aktore onenak, eta beste hainbat sariren berri emanen dute. Horiekin batera, zinegela ezberdinetan pelikulak ikusten aritu diren ikusleen iritzia ere jakingo da, publikoaren sariaren berri emanez. Felipe Cazals zinegilearen «Chicogrande» filmaren proiekzioak emango dio aurtengoari amaiera. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo