GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Txirrindulari dopatuak baino nabarmenago utzi beharko litzateke arlo horretako hipokrisia

Aurtengo Tourreko garaile Alberto Contadorrek eta beste bi txirrindularik dopin kontroletan positibo eman izanak berriz ere jomugan jarri du txirrindularitza eta, jakina, txirrindulariak. Horrek, ordea, galdera ugari eragiten ditu: kirol guztietan egiten al dira hain kontrol zorrotzak, edo hain laxoak? Alegia, dopina saihesteko exijentzia maila bera dago kirol guztietan? Bestetik, bateragarria al da eskaintzen den ikusgarritasuna, gero eta handiagoa dena, eta debekatutako substantziarik bat ere ez erabiltzea? Gauza jakina da ikusgarritasun horrek dagoeneko kirolaren atal bezala sumatzen den negozioa gizendu egiten duela. Horregatik ez da batere arraroa dopinaren industriaz hitz egiten entzutea. Instituzioek kirola dopinaren gaitzetik garbitu beharra aldarrikatzen dute eta hartarako legeak egin eta aplikatu egiten dituzte, baina dopinaren industria delakoa den negozio potoloaren aurrean agintari politikoek ez dute ezer esaten, eta are gutxiago egiten. Kirola oro har, eta ziklismoa bereziki, oso leku txarrean geratu da, baina batzuen hipokrisia Tourreko garailearen positiboa baino nabarmenago geratu beharko litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo