Koldo Rodriguez eta Joxemi Campillo Hau Pittu Hau konpartsako kideak
Nahikoa da!
Aste honetan, gure konpartsakidea, Gabi, eraman dute, beste sei lagunekin batera, eta beste laurekin kartzelatu. Edozein koloretako poliziek ohikoa duten moduan, gaueko iluntasunaz baliatu ziren gure lagunak eta senideak bahitzeko. Armaz josita etorri ziren berriro ere. Armak hitzen kontra. Zelako balentria!
Berehala hasi ziren erregimeneko hedabideak, NO-DOaren garaietan bezala, inork sinesten ez duen diskurtso ofizial bakarra zabaltzen. Azken finean, etengabeko gezurren bidez estali behar dute injustizia. Euskal Herriaren alde egindako lan politikoa kriminalizatzen ari dira, desaktibatzeko helburuarekin. Dena da ilegala, dena delitua. Gaur beraiek izan dira bahituak, bihar gutariko edonor. Ez dago mugarik. Beldurra zabaldu nahi dute euskal gizartean, etsipena nagusitu dadin.
Hala ere, ez diegu utzi behar! Gure eskuetan dago. Horrelako operazioei eman dakiekeen erantzunik onena lanean jarraitzea da. Euskal Herri euskalduna eta librea nahi dugu; behar dugu, ezinbestez.
Bukatzeko, gure besarkadarik beroena helarazi nahi diogu Gabiri eta bere familiari. Jakin dezatela ez dagoela/daudela bakarrik.