GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Beñi Agirre Euskara irakaslea

Literatura eta naziotasuna

Euskaldunok aspaldian garbitua dugun kezka existentzial batekin dator Toti Martinez de Lezea idazle gasteiztarra: «No entiendo por qué al hablar de escritores vascos sólo se menciona a los que escriben en euskara» (Gara 2010-09-12).

Ez da beti fidagarria izaten, baina hona hemen Wikipediak ematen dituen definizioak: «Euskal literatura euskaraz egindakoa da, Euskal Herriko idazleek gaztelaniaz, frantsesez edo beste hizkuntza batez egindako produkzioa barne hartzen ez duena». «La literatura española es aquella desarrollada en España o por españoles en idioma español o sus dialectos».

Ez dago zalantzarik: euskalduna da euskaraz egiten duena, beraz, euskal literatura da euskaraz idatzia dena. Beste kontu bat da hizkuntzak ez duela naziotasuna edota herritartasuna ematen. Pablo Nerudak gaztelaniaz (espainolez) idatzi zuen, baina horregatik inork ez du esango espainiarra zenik, Neruda txiletarra baitzen. Joxemiel Barandiaran euskalduna zen, gutako askok baino askoz ere hobeki egiten baitzuen euskaraz. Barandiaranek euskaraz sortutakoak euskal literaturatzat hartzeko zalantzarik ez dago; besterik da, ordea, herri honen tradizioko gaiaz izanda ere, gaztelaniaz, frantsesez... sortutakoak.

Wikipedian, Joxemiel Barandiaran «vasco» eta «basque espagnol» bezala azaltzen da. Nire iritziz, Barandiaran nafarra zen. Ez Totiri, ez bere egoera bereko inori, ez diot nik ukatuko literatura egiten duen vasca, Euskal Herrian bizi den espainola edo nafar herritarra denik (hori berak erabakiko du), baina gaztelaniaz sortu eta euskarara itzulitako lanak, ezin euskal literaturatzat hartu. Erantzun bestela bi galdera hauei: Madrilen erroldaturik dagoen paristar baten frantseseko lanak literatura espainoltzat jo daitezke? Bartzelonan jaio eta Marrakexen bizi den Juan Goitisolok, Premio Nacional de las Letras Españolas dena eta bere obra gaztelaniaz egin duena, literatura kataluniar, arabiar ala espainola egiten du?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo