GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Udalbiltzaren eta ETAren arteko lotura» euren interpretazioa dela diote poliziek

Perituek euren testigantza eman ondoren, hilabeteko etenaldia izango du berriro ere Udalbiltzaren aurkako epaiketak. Atzo, herenegun bezala, adituek ETA Udalbiltzarekin lotzeko frogarik ez zegoela esan zuten, euren «interpretazioa» izan dela.

GARA

Udalbiltza ETAren parte dela esateko, talde armatuak udalen bilgunearen sorrerari buruz eman zuen iritzian oinarritu zirela esan zuen atzo Udalbiltzaren auziko perituen ordezkariak. Bezperan bezala, polizia batek hitz egin zuen peritu gisa, lau guardia zibilen eta bi polizia espainolen izenean. Hala, defentsak eta auzipetuek beraiek espero bezala eta ostegunean bezala, atzo ere peritu gisa deklaratzera deitutako poliziek ETAren eta Udalbiltzaren arteko ustezko lotura baieztatzeko frogarik ez dela aitortu zuten. Perituek hainbat ondorio euren interpretazioetatik eratorritakoak direla aitortu zuten. Epaiketak hilaren 25, 26 eta 27an jarraituko du, eta froga dokumentalak eta kalifikazioak emango dituzte. Bi aldeen azken azalpenen saioa bakarrik faltako da orduan.

Atzokoan defentsak izan zuen perituei galderak egiteko aukera. Kepa Landa abokatuak galdetuta, perituak «Udalbiltza-Kursaal» izena -Juan Moral fiskalak erabiltzen duena- ez dela inongo agiritan agertzen aitortu zuen. Era berean, eraikuntza nazionala, lurraldetasuna edo euskara, besteak beste, ETAk ez beste eragile batzuek ere defendatzen dituztela esan zuen poliziak. Bixente Lizarazu futbolariari ETAk «Zutabe» agerkarian zuzendutako gutunaren gainean, adituek froga hori ez dagoela «horren argi» azaldua esan zuen. Hain justu, ETAk Lizarazuri, beste erakunde batzuen artean, Udalbiltza diruz lagun zezakeela agertzen zion. Hala ere, perituak «beste erreferentzia» batzuk badirela esan zuen, baina ez zituen agertu.

Polizien interpretazioak

Euskal Herriko Eskubideen Karta, bestalde, poliziak KASen Alternatiba Demokratikoaren «eguneraketa» izan zela zioen. Hala ere, Landa defentsa abokatuak, lotura non den galdetuta, perituak lotura bera ETAk egin zuela erantzun zuen.

Akusazioak, bestalde, 2003ko hauteskundeetarako herritarren plataformak osatzea edo indartzea leporatzen dio Udalbiltzari. Perituek, akusazio horren argudio gisa, honakoa diote: Gernikako Deialdiari buruzko agiri ugari atzeman zituztela instituzioaren lokaletan egindako erregistroetan, eta ekimen hark bultzatu zituela herri plataformak.

EHNAri dagokionez, polizia txostenetan ekimen horri buruz agertzen den definizioa «interpretatu» egin zutela aitortu zuen poliziak. Akusazioak dio, asmoa «euren burua euskalduntzat ez dutenen» errolda egitea dela dio.

«Udalbiltza auzia» salatuko dute CAFeko langileek

Beasaingo CAF lantegiko enpresa batzordeak Udalbiltzaren aurkako epaiketa «irmo» salatzen duela jakinarazi zuen atzo ohar bidez. Gobernu espainolari Fiskaltzak egun bere horretan mantentzen duen salaketa publikoa erretira dezala eskatu zioten. Baita inputatuak libre atera daitezela ere; tartean, CAFeko langile eta epaiketa honetako auzipetu Urko Irastorza. Enpresa batzordetik auzipetu guztiei elkartasuna helarazi nahi izan zieten; «zazpi urte daramatzate sumario honetan atzera eta aurrera, tribunal batek zer erabakiko zain», zioten.

Hala, elkarretaratzea egingo dute datorren astelehenean CAF lantegiaren atarian epaiketa salatzeko. Enpresa batzordetik langileei dei egin diete 11.15etik aurrera egingo den protestara, eta parte hartu nahi duten langileek ordubeteko lanuztea egingo dute. Era berean, epaituak izaten ari diren hainbat hautetsi eta langile ohi ere bertan izango direla jakinarazi zuten. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo