GARA > Idatzia > Kirolak

Surf Quicksilver Pro France, Hossegorren

Azken txandak, ziztu bizian

Datozen egunetarako itsas iragarpenak ikusita, txapelketa lehenbailehen amaitzea erabaki dute.

p043_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA

Asteburuko iragarpena ikusita, txapelketa azkartzea erabaki dute Hossegorreko ASP txapelketako antolatzaileek.

Igandean lehen itzulia egin zuten Culs Nus hondartzan eta olatu bikainak izan ziren. Astelehen goizean, olatu txikiagoekin jarraitu zuten, baina baldintza hobeen zain txapelketa etetea erabaki zuten hiru txanda ospatu ostean. Txandetako batek ikusmina sortu zuen, parte hartzaile zaharrena eta gazteena buruz buru baitziren (38 urteko Kelly Slater eta 18 urteko Maxime Huscenot). Kelly izan zen garaile.

Astearte eta asteazkenean, ordea, izan zen beste ikuskizunik Hossegorreko uretan. Larunbatean hasi zuten King of the Groms txapelketak jarraipena izan zuen astearte eta asteazkenean. 2010 urtean zehar lortutako puntuaketei esker sailkatutako surflariek soilik hartu ahal izan dute parte txapelketa honetan. 16 urte bitarteko kategorian munduko txapelduna nor den erabaki da beraz. Finalean Matt Branting australiarra eta Filipe Toledo brasildarra izan ziren lehian. Metro bateko olatu garbietan erraz jardun zuten bi lehiakideek, baina australiarrak irudimenez jokatu zuen eta ariketa desberdin gehiago egin ahal izan zituen bere olatuetan. Hala, Branting atera zen irabazle.

WCTko lehiakideek ostegun arratsaldean ekin zioten berriz bigarren itzuliko txandak ospatzeari. Olatu bikainak izan ziren eta ikuskizuna ziurtatua zegoen. Surflariek mota guztietako ariketak egin zituzten, tuboak, aereoak eta denetarikoak. Epaileek igandean baino eskuzabaltasun handiagoa erakutsi zuten eta puntuaketa oso altuak ikusi ahal izan ziren.

Ikusgarria izan zen Andy Irons hawaiiarra eta Luke Munro australiarraren arteko txanda. 9,07 punturekin saritu zuten epaileek Andy Ironsen tubo ikaragarri bat, baina bere aurkariak beste tubo zail batekin erantzun zion eta 9,77 puntu jaso zituen. Andyk ez zuen lortu beste olatu onik harrapatzea eta Munrok berriz, 7,10 puntu jaso zituen beste tubo batekin borobildu zuen bere ekitaldia.

Ostiralean hirugarren itzuliko txandak hasi ziren goizean goiz eta emaitza harrigarriak izan ziren, ordura arte bikain jardun zuten hainbat surflari kaleratuak izan baitziren. Hala nola, igandean ikuskizun ederra eman zutenak, Hobgood anaia bikiak, Dane reynolds, Taj Burrow edo Patrick Gudauskas, kaleratuak izan ziren. Aurreko txandan txapelketako puntuaketa altuena lortu zuen Luke Munrok ere ezin izan zuen txanda pasa.

Laugarren itzulian, hiru lehiakidez osatutako lau txanda ospatu ziren eta kaleratuak izan zirenak bosgarren itzulian jardun ziren, eta bosgarren itzuliko irabazleak final-laurdenetara igaro ziren.

Gaur, goizean goiz, final-laurdenekin hastekoak dira. Eguraldia okerrera egitekoa da, haizete indartsuak baitatoz, beraz, lehiaketa gaur amaitzekotan dira eta ASP zirkuituko zazpigarren txapelketa honetako irabazlearen izena jakin ahal izango dugu.

Oraingoz ranking orokorreko lehen hamar postuen artean diren lau lehiakide ditugu final-laurdenetan. Kelly Slater (9 bider munduko txapelduna) , Jordy Smith, Mick Fanning (iazko irabazlea eta bi aldiz munduko txapelduna) eta Adrian Buchan. Ikusmin handia nabari da eta ikuskizuna aski ziurtatuta dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo