GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Aviron eta Biarritz goiko postuak begiz jota neurtuko dira

Zuri-urdinen eta zuri-gorrien arteko norgehiagoka gaur ilunabarrean, 20.45etik aitzina, jokatuko da Jean Dauguer estadioan.

p041_f01.jpg

Jon LEUNDA

Euskal errugbiaren festa handia iritsi da. Gaur neurtuko dira Aviron eta Biarritz Jean Dauguer estadioan, 20.45etik aurrera. Inoiz baino derbi orekatuagoa dator, eta ikusmina ere berebizikoa izango da, nahiz eta bi taldeak gaizki dabiltzanean ere horrelaxe izaten den.

Aviron seigarren postuan dago 22 punturekin, eta Biarritz, berriz, bederatzigarren 19 punturekin. Gaurkoak esanahi handia izango du bi taldeentzat. Derbiak beti derbiak dira, baina auzokoari irabazteak ematen duen pizgarri horretaz gain, puntuek ere zeresana emango dute.

Nahiz eta atzetik ibili, talde zuri-gorriak Aviron gainditzeko parada ukango du. Horrek sekulako indarra emango lioke talde zuri-gorriari, izan ere, behetik gora datorren taldea da. Parisen, lehen sailkatuaren zelaian puntu bat lortu zuen joan den asteburuan eta, lehen jardunaldi kaskar batzuen ostean, garaipenak pilatuz dator Jean Michel Gonzalezek zuzentzen duen taldea.

Avironi galtzeak min handia egin diezaioke. Denboraldi hastapena sekulakoa egin zuen, lehen postuan ere jardunaldi bat baino gehiago eman ditu, baina azkeneko bi partidak galduta dator, eta hirugarren bat jarraian galtzeak zalantzak sor ditzake bai jokalari bai zaleen artean.

Kontrakoa

Baionarrek irabazita, kontrakoa bidea izango litzateke. Zuri-urdinek aldea gehitu egingo liokete Biarritzi, eta sailkapeneko onenen artean jarraitzeko parada emango lieke, eta taldea aurten zerbait handia egin dezakeela sinesten hasiko litzateke.

Biarritzi, berriz, min egin diezaioke, baina galduta seguruenik ere Aviroinena bezainbestekoa ez litzateke izango. Galduta, Avironek ihes egingo lioke, baina seigarren postutik oso aparte ez litzateke geratuko, eta iaz denboraldi amaieran izan zuen gorakada kontuan hartuta, itxaropentsu jarraituko luke.

Jardunaldi honen ostean, Ligak etenaldia izango du. Urriaren 23ra arte ez da jardunaldirik jokatuko, tarte horretan Heineken Kopako eta European Challengeko bi neurketa izango baitira. Beraz, etenaldi luze horren aurrean irabazteak ere garrantzia izango du, Europako neurketei ere beste begirada batez begiratzeko modua izango bailuke irabazten duen taldeak.

Sailkapena

Ez da askotan gertatzen, baina oraingoan sailkapenean aurretik dela ekingo dio derbiari Avironek. Alabaina, Biarritzek irabazten badu, zuri-gorriak aitzineratu egingo dira.

Faboritoa

Derbietan ez da erraza faboritoa zein den asmatzea, baina aurten are zailagoa da, izan ere, Baionako taldearen denboraldi hasiera ikusgarria izan da.

Goizetik nabarmenduko da festa giroa Baionan

Derbia berandu samar jokatuko da, 20.45ean izango baita, baina hori ez da nabarituko, izan ere, goizetik hasiko baita festa giroa Bai0nako karriketan. Ohikoa izaten den moduan, ez da biarriztar asko espero Lapurdiko hiriburuan, baina joango direnetako asko goizetik joango dira egun-pasa egiteko asmoz.

Jai giroa estadioan ere izango da, musika izango baita protagonista, ohikoa izaten den moduan, partida hasi aitzin. Harmailak, berriz, erabat beteta egongo dira. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo