GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

«Made in China»

Surflari ernegatua

Liburu interesgarri bat argitaratu zuen 2002. urtean Gavin Menzies marinelak, "1421: The year China discovered the world" izenekoa. Zuane Pizzigiano kartografo veneziarrak 1424an egin zuen mapa bat aurkitu zuen Minnesotan eta Atlantikoaren mendebaldean ageri ziren lau uharte begiztatu zituen, historia ofizialaren arabera oraindik ezezagunak behar luketenak. Jakin-mina ase nahian ikertzeari ekin zion eta munduari bira ematen lehenak txinatarrak izan zirela frogatzen zuten datu ugari bildu ahal izan zituen.

Historialari, arkeologo eta zientzialarien laguntzaz oso ongi dokumentatutako lana argitaratu zuen Menziesek eta orduz geroztik asko izan dira bere tesiarekin bat egin duten unibertsitateak eta historialariak. Lan horren arabera, 1421ean abiatu zen Txinatik ordura arte inoiz itsasoratu zen armadarik handiena. Mundu osoa kartografiatu zuten eta izarren mapak zehaztasun handiz egin zituzten. Bi urteren buruan, 1423an itzuli ziren Txinara.

Magallanes nabigatzaile portugaldarraren sekretua omen zen txinatarrek egindako mapa. Espainiako erregeari bere proiektuaren berri eman baino lehenago Portugalgo gorteetan ikusi omen zuen zirriborroa, haiei ere bere proiektua aurkeztera joan zenean. Garai kilikagarriak ziren abenturazale eta itsasgizonentzat.

Espainiar itsasontziak eta portugaldar karabelak lehian zebiltzan, espezien uharterako biderik laburrenaren bila. Txinatarrak jada izanak ziren lekuak «aurkitu» zituzten. "Made in China" etiketa aurkitu zuten, beraz, konkistatzaileek zenbait lekutan.

Portugalgo hegian, mendebaldeko haizeak hilotz arrotzak eta modu bitxian zizelkatutako enbor zatiak ekartzen zituela esaten zuten nabigatzaileek. Gauza harrigarriak gertatzen ziren Atlantikoan. Bazen zerbait putzu kolosal hartan, beldurgarria bezain erakargarria bilakatzen zuena. Txinatarrek ordurako bazekiten nondik zetozen gorpu ezezagun haiek.

1492an, Marco Poloren liburua besapean zuela, Kolonek bere botak Bahametako lurretan iltzatu zituenean, Japoniako irlen aitzinean aurkitzen zela uste zuen. Hil zen egunean ere, Asiara gibeletik iritsi zelakoan zegoen. Asiaren gibeletik abiatuta, hain zuzen ere, txinatarrek munduari bira emana ziotenean jada. Gauza harrigarriak gertatzen ziren beraz, itsasoan.

Gizon zuriak (kasu honetan «gizon» esan daiteke «gizaki»-ren ordez, egokiago deskribatzen baitu subjektuaren berezko miseria) nahi gabe ere hiltzen zuen. Gizon zuriak berezkoa du txartasuna, gaitz moduan, eta joan ohi den lekuetan odol arrastoa baino ez du uzten. Darcy Ribeiro antropologo brasildarrak zera dio, Australia, Amerika eta Ozeaniako irletako biztanle aborigenen erdia baino gehiago hil zirela gizon zuriaren kontaktu hutsera. Genozidioa burutzeko, gurutzedun ezpata baino aliatu hobeak zituen gizon zuriak: soinean zeramatzan bakteriak eta birusak. Dirudienez, txinatarrek ez zuten hainbesteko triskantzarik egin.

Txinatarrak ez ziren iristen ziren leku bakoitzean jendea hil eta bortxatzen aritu. Ez zuten menderakuntza xederik, merkataritza zen haien helburua. Horregatik ez zuten odol arrastorik utzi bidean. Eta horregatik ez du arrakastarik izan, ezta izango ere, haien historiak. Bortxatzaile eta hiltzaileek egiten dutelako Historia. Eta borreroen historia ez bada, ezin aurki daitekeelako eskolako testuliburuetan.

Historia aldatzea badago, edozer alda daitekeela dioen ideiak indarra har dezake; eta hori, botere ikuspegi batetik, beti arriskutsua da. Magallanesek bazuen bere izena betikotu zezakeen sekretu bat. Kolon ziur zen Japoniako irlen gibelean zela. Portugalgo nabigatzaileek ez zituzten mendebaldeko haizeak ekarritakoak ezagutzen. Txinatarrek ordurako bazituzten galdera zikoitz haien erantzunak. Txinatarren jakinduriak, historia alda zezakeen. Baina orduan, orain bezala, ez zen komeni, zutaberik sendoenak ere kolokan jar baititzake historia alda daitekeela dioen ideia arriskutsuak.

Eskoletan, Amerika konkistatu zutenen eta haien oinordekoen historia irakasten jarraituko dute. Ikasle finenek, behin eta berriz errepikatuko dute gauzak diren bezala ondo daudelako leloa. Ameslarien proiektu oro gutxietsiko dute, harrotasunez eta orpoen gainetik, «alferrik ari zarete» esanaz. Hezkuntzaren soldaduek, salatariek eta erosotasunaren maitaleek irakasten jarraituko dute, inposatzen, baina ez ikasten.

Azken batean, berberak dira egungo hezkuntza sistema kudeatzen dutenak. Irakasten dutenak. Historia idazten dutenak. Historia egin, egin zutenak. Eta inposatzen dutenak «porque la letra con sangre entra».

Istorioak ezabatzen ditu historiak. Bat eta bakarra da, ohiko leloa. Baina paradigma aldaketak, ikuspegi zaharkituen gainetik, behin eta berriz gertatzen dira. Gustatu edo ez gustatu. Eguneratu beharra dago. Agian txinatarrak aipatu behar ditugu testuliburuetan, ez dakit. Baina, Munduari lehenengoz bira eman omen zion Elkano getariarraren irudiak badu oin-ohar bat: «Made in China».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo