GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Moda munduaren lotsagabetasuna

Badut irakurle bat tarteka kritika konstruktiboak egiteko deitzen didana. Oraingoan nire esaldien luzera iruzkindu dit. Hortaz, gaurkoan, hari omenaldia egite aldera, honako esaldi honekin ekingo diot: Gorroto dut modaren mundua.

Izan ere, sutan jartzen nau egiaztatzeak aldizkariak ireki eta irakur edo ikus daitekeenak ez duela benetako bizimoduarekin eta kaleko jendearekin zerikusirik. Hedabideetan horren milaka adibide aurki daitezke etengabe, baina ez dut uste modarekin lotzen dena baino argiagorik egongo denik, politikari dagozkion berriak salbu, jakina. Eta modak, politikak bezalaxe, badu eragina jendartearengan, eta ez makala, gainera, diru mordoa mugitzeaz gain; ondorioz, ezin dut ulertu nolatan ez den bestelako negozioak bezainbeste kontrolatzen, nolatan ez zaion inguratzen eta kanporatzen duen guztiari nolabaiteko galbaherik ezartzen eta, azkenik, nolatan ez zaion sarriago boikotik egiten, zuzenean.

Boikota eta ez beste ezer merezi duelako -dutelako- lau zoro tematik inposatzen jarraitzen duten estetikak. Emakumeoi, bereziki eta masiboki, baina gero eta gehiago eta azkarrago gizonei ere bai. Izan dira modeloen gorputzei buruzko ika-mikak, noraino onartu argaltasuna eta nola kontrolatu ez dutela gaixo lan egiten; izan dira emakume errealagoak eta osasuntsuagoak erakustearen aldeko aldarrikapenak, egitatezkoak, ibiltokian bertan; izan dira gobernu eta arropa-denden arteko akordioak, neurriak bateratzeko, arropa erosterakoan ez gaitezen zoratu, ez gaitezen hain oinarrizkoa den janzteko beharraren baitan frustrazio eta ondoriozko hainbat arazo psikologikoren kiribilean galdu.

Izan dira, bai, baina badirudi bakanak izan direla. Badirudi modaren munduan lauk baino ez dutela esportatzen dutenaren garrantzia eta erantzukizuna ikusten. Duela gutxi buruturiko Milango edo New Yorkeko Modaren Astea iruditan ikusi besterik ez dago emakumearen idealak hezurdura izaten jarraitzen duela egiaztatzeko, emakumea jantzi nahi eta horretaz bizi direnentzat, behintzat. Eta gezurra badirudi ere, horien fantasiak eta aginduak xurgarazten dizkigute gero, berriz diot, batik bat emakumeoi. Geure burua gorputzaren gaineko obsesiorantz eta gero eta urrunago dagoen edertasun lortezinerantz bultzatuta. Inolako harrik gabe, mundu mailan eta, besteak beste, osasuna sustatzeko ahaleginean oso aurrerapauso garrantzitsuak diren erabaki eta neurriei inolako begirunerik agertu barik.

Sutan jartzen nau, bai, zoro horietako asko emakumeak izatea; modaren inguruko eta, oro har, emakumeei zuzendutako argitalpen askoren arduradunak emakumeak izatea, eta bestelako eta, areago, era askotako emakume motak erakutsi eta sustatu beharrean, jendarteari hobea eta sanoagoa izaten lagunduta, dirua egiteko grinak zuzentzea euren lana. Sutan jartzen nauen bezala, Gobernuak duela hiru urte hainbat saltokirekin egindako akordioak paperean jarraitzeak, aurreragoko utzita, eman beharko litzaiokeen garrantzi eta gizarte-oihartzunari muzin eginda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo