GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Arratsaldero»: ETB-1ek ETB-2ri zuzenean lehia egingo dio magazin berriarekin

p059_f01_148x91.jpg

A.E. | DONOSTIA

Estitxu Fernandezek eta Oihan Vegak gidatuko dute gaur 15.00etan ETB-1ek estreinatuko duen makro-magazina. Gaurkotasunari lotuta egotea eta ikus-entzuleekin zuzeneko harremana izatea dira, antza, euskarazko katearen denboraldi berrirako apusturik handienaren oinarriak. Beraz, estudioan «jakintsuak» solaskide izan barik, ikusleei ahotsa eman nahi die «Arratsaldero» izeneko saioak.

ETB-2an ordu tarte berdintsuan emititzen den «Aspaldiko» saioari zuzenean lehia egingo dio «Arratsaldero» berriak: bata, Antxon Urrosoloren saioa, 16.10etik 18.40era ematen dute; besteak, «Arratsaldero» saioak, 15.00etan hasi eta 20.00etara arte iraungo du. Dena den, Urrosoloren saioak oso datu eskasak izaten dituenez -audientzia datuak gero eta lotsagarriagok suertatzen zaizkio- seguruenik ez du asko iraungo ETB-2ko «parrillan». Hala ere, eta gaur egungo telebistan bitxia badirudi ere, Urrosolori Surioren taldearekin sinatutako kontratuak ez omen dio audientzia datu minimorik eskatzen. «Pasalo» saioa egiten zuen enpresak, K-2000k, eta zuzendariak, Iñaki Urdanpilletak, egingo dute «Arratsaldero» saio berria. Gizarte gai askotarikoak eta gaur-gaurko edukiak jorratuz euskal geografiako etxe guztietara iristeko modua egin nahi du, eta adin guztietako ikus-entzuleentzat ardatz izatea du xede nagusi.

Gure inguruan gertatuko den guztiaren berri emateko, zuzenean Euskal Herriko edozein txokotan Xabier Mendia eta Inma Zabaleta izango dira. Platoan, berriz, Estitxu Fernandez eta Oihan Vega aurkezleek, solaskide bizienez gain, erreportari ezagunak izango dituzte lagun: Agustin Ezenarro, Amaia Artetxe eta Iñigo Agirre, besteak beste. Egunero, hiru atal informatibo eta aholku-emaile egongo dira, bakoitza 15-20 bat minutukoa. Izan ere, kontsulta-izaera hori funts-funtsezkoa da, «Arratsaldero»ren oinarri nagusietakoa izango baita ikus-entzuleekin zuzeneko harremana izatea. Hartara, ikusleek telefono bidez argibideak eskatu ahal izango dizkiete saioko adituei, bai medikuntzaren alorrean, bai lege kontuetan, baita aisialdirako planak egiteko orduan ere.

Ahalik eta gertutasun handiena lortu nahi dute ikus-entzuleekin. Saioan parte hartzera gonbidatuko dituzte, kontsulta tarteetan ez ezik, lehiaketetan ere bai. Gainera, atsegin dituzten gaiak jorratuko dituzte, hala nola abere eta maskotak, dekorazioa, baratzezaintza, lorezaintza, ariketa fisikoa, estilismoa, sukaldaritza...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo