Beñat Agirre Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien lizentziaturako ikaslea
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatearen egoera
Beñat Agirre naiz, EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien lizentziaturako ikaslea 2007-2008 ikasturtetik. Gutun honekin fakultatean bizi dugun egoera ia jasangaitza salatu nahi dut, ea era honetan zerbait hobetzea posible den.
Gure fakultatea berriketa baten zain zegoen duela urte dezente eta, denon zorionerako, aurreko urtean hasi ziren berritze lanak. Baina berri pozgarri hau laster bihurtu zen buruhauste, obrek ekarri zituzten eta oraindik mantentzen diren ondorioengatik. Berriketak, nahiz eta oso sakonekoak izan (pareta asko botatzea, leiho guztiak berritzea... ia fakultate osoaren berregitea), klaseak martxan zeudenean hasi ziren. Motore eta mailu zaratak, dardarak, hauts izugarria, kable hautsiak... ohikoak egin ziren guretzat, irakaslea entzutea ezinezkoa zen zenbaitetan. Imajina ezazue etxe amaitu gabe batera zoaztela klaseak hartzera. Hori zen (eta da) gure egoera. Gauzak horrela, otsaileko azterketak egiteko Farmaziako fakultatera mugitu behar izan genuen, azterketak egiteko baldintza minimoak ziurtaturik izateko.
Behin azterketak bukatuta, aurreko egoerara itzuli ginen, era okerragoan, posible bada. Obrek aurrera jarraitzen zuten, gero eta espazio gutxiago izanez klaseak emateko. Apirila aldean klase egun oso bat galdu genuen, lanen erruz fakultatea urez beteta agertu baitzen. Egun horretan konturatu nintzen benetan bizi genuen egoerak zuen surrealismoaz. Ekainean, nahiz eta obrek otsailean bezala jarraitu, azterketak bertan egin genituen, horrek dakarren zailtasunarekin. Ez da erraza urte guztian zehar ikasi beharreko informazioa gogoratzen ari zarenean mailu pneumatiko baten hotsa entzutea eta kontzentraturik jarraitzea.
Hala ere, urte bateko gauza izango zelakoan, aukera bat eman nien. Baina zein izan da nire sorpresa aurten, ikasturte berria hasterakoan, denak antzeko jarraitzen zuela ikustea. Egia da, obrak asko aurreratu dira eta ia fakultate erdia berritua dago, baina beste erdiak berdin jarraitzen du. Fakultatea ordenagailurik gabe utzi dute, nahiz eta Internetera konektatzea exijitzen diguten klase askotan lanak eta informazioa jaso eta emateko. Klaseen erdiak ditugu erabilgarri eta askotan arazoak ditugu ikasgairen bat era egokian emateko. Zaratek, dardarek eta zerbait gainean erortzeko arriskuak berdin jarraitzen dute. Ordaintzen dugun matrikula, nahiz eta unibertsitate publiko bat izan, ez da nolanahikoa, klaseak beharrezkoak diren minimo batzuetan jaso ahal izateko. Badakit eskutitz honek ez duela ekarriko horren guztiaren konpontzea, baina gutxienez jendeak jakin dezala zer nolako zerbitzua eskaintzen duen EHUk Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean.