GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalbiltzakoen ustez absoluzioa da zentzuzko sententzia bakarra

«Aldez aurretik espero bezala, akusazioek ez dute froga bakar bat ere aurkeztu instituzioaren kontra, ezta gu guztion kontra ere». Udalbiltzaren aurkako epaiketa aurrera joan ahala, «fartsa handi bat» agerian geratzen ari dela salatu dute auzipeturik diren hainbat lagunek. Hala ere, jarrera aktiboa hartzeko eskatu diote gizarteari.

p013_f02_111x111.jpg

Janire ARRONDO

Auzitegi Nazional espainolean adituei entzundako baieztapenak oraindik ere sinetsi ezinik, oraingoz Udalbiltzaren aurkako epaiketak utzi duenaren gaineko gogoeta egin zuten auzipetuek atzoko prentsaurrekoan. «Ikusi dugu zer eman dezakeen epaiketak: fartsa handi bat begi bistan geratzen ari da».

Sinetsi ezinik eta harrituta agertu ziren, perituek ezin argiago utzi dutelako ez dagoela Udalbiltzaren eta ETAren arteko lotura azaltzen duen frogarik. «Deliturik gabeko eta frogarik gabeko epaiketa izanik», galdera bera darabilte buruan: «zer egiten dugu hemen?».

Zazpi urte eta erdi igaro ondoren, Udalbiltzaren kontrako auziaren ahozko epaiketa hilabete honen amaieran amaituko da. Azken saioak Udalbiltzaren, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren eta auzipeturik dauden alkate, zinegotzi zein langile ohien kontrako akusazioen frogak mahai gainean jartzeko ziren. Akusazioek ordea ez dute froga bat bera ere aurkeztu.

Sumarioaren instrukzioan parte-hartze zuzena izan zuten polizia espainol eta guardia zibilek peritu gisa aitortu bezala ETAren eta Udalbiltzaren arteko loturarik ez bada, «erabakirik logikoena akusazioak erretiratzea litzateke», azaldu zuen atzo Maribi Ugarteburu auzipetuak. «Modu horretan, sekula ere hasi behar ez zen amesgaiztoa amaituko litzateke», gaineratu zuen Amorotoko alkate ohiak.

Auzipetuek azaldu zutenez, zigor eskariak kentzeko asmorik ez dute, ordea, Ministerio Fiskalak zein Dignidad y Justicia talde ultraeskuindarrak. Hala, «ezerezean oinarrituta» akusatuen aulkian eserita mantenduko dituztela salatu zuten, Udalbiltza instituzioari zein Partzuergoa eta Kohesio Fondoari «debeku mehatxuaz» eta auzipetuei eurei 10 eta 23 urte bitarteko «zigor mehatxuaz» jazarriz.

Epaiketa hau «politikoa» dela, eta «ez juridikoa» salatu zuen Ugarteburuk, auzipetuen izenean. «Askotan esan dugu oinarrizko eskubide zibil eta politikoak zapaltzen dituela: ordezkaritza demokratikorako eskubidea eta instituzioak modu libre eta demokratikoan sortzeko eta garatzeko eskubidea». Hala ere, salaketa horretan ez daudela bakarrik nabarmendu zuen bozeramaileak, eta epaiketaren atarian, azken urteotan, udal hautetsien, udalen, gizarte eragileen eta «ideologia ezberdineko» pertsonen aldetik jasotako babesa «benetan aberatsa» izan dela aitortu zuen. Hala, gogorarazi zuen 2008an Gasteizko Legebiltzarrean babes hori formalizatua geratu zela, legez besteko proposamen bat onartu ondoren.

Urriaren 25 eta 27 artean amaituko da ahozko epaiketa. Bien bitartean, «lasaitu beharrean, azken txanpari gogotsu ekiteko ordua» dela esan zuen Ugarteburuk. «Udalbiltza aske!» lelopean herritar, instituzio, alderdi, sindikatu eta gizarte eragileei dei egin zieten, «absoluzioa» eta «askatasuna» aldarrikatzeko orduan jarrera «aktiboa» izan dezaten.

epaiketa iruditan

Epaiketa amaitzean, horretarako eskumena izanda, saio guztietako irudi eta audioak bilduko dituzte han gertaturikoa publiko egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo