Dominikar Errepublikako pilotariek laguntza eskatzen dute eskupilotan aurrera egin ahal izateko
Euskaldunok ari gara hemendik kanpora eskupilotan ari diren pilotariak ikusten, baina oraindik arraroa egiten da Dominikar Errepublika bezalako herrialdeetan pilotariak ikustea. Badira, ordea, asko ez izan arren, eta garrantzitsuena da badutela ikasteko eta jarraitzeko gogoa.
Jon LEUNDA
Eskupilotan Dominikar Errepublikan ere jokatzen dute, eta hori baieztatzeko, Carlos Jeam Perez Paueko Munduko Txapelketan da. Bere helburua partida bat irabaztea zen, eta hori lehen saioan lortu zuen, Kanadako ordezkariari 22 eta 16 irabazi baitzion.
Mutil handia, indartsua, eta fisikoki oso ongi prestatua; labur esanez, horrelaxe definitu dezakegu Perez. Hori bai, pilotan asko ikasi beharra dauka, baina bere jokoa ikusi duten adituek diotenez, pilotan egiteko moduko mutila omen da, hemengoa izan balitz, profesionaletara heltzeko modukoa.
«Sei ari gara eskupilotan jokatzen. Nik 31 urte ditut, eta bost bat urte daramatzat jokatzen. Astean hiru aldiz entrenatzen dugu, eta partidak, berriz, geure artean jokatzen ditugu», azaldu digu dominikarrak. Beretzat Munduko Txapelketan izateak sekulako garrantzia dauka: «Hau da munduan zehar pilotan zenbat dakidan erakusteko aukera bakarra. Helburua partidaren bat irabaztea zen, eta hori lortu dut», esan du.
Hori bai, bere herrialdean aurrera egiteko, laguntza eskatzen du. «Pilotaleku bakarra daukagu, eta gazteei ilusioa egiteko laguntza behar dugu. Euskal Herrian badira pilotari profesionalak; aukera bat eskatzen dugu, honantz etorri, eta ikasteko. Balio badugu izango dugu geratzeko aukera, eta bestela gure mailari iraultza bat emateko balioko du. Agian orain niretzat ez du balio, baina bai atzetik datozen gazteentzat», adierazi du.
Laguntza gutxi
Raul Montejo kubatarra da bere entrenatzailea, eta berak ere argi uzten du Dominikar Errepublikako lehen gabezia, laguntza falta dela: «Ez daukagu laguntzarik. Gobernuak ia ez du laguntzen, eta hori arazo larria da. Jende gutxi dabil pilotan, baina lanean aritzeko ditugun baldintzak ikusita, maila nahiko ona da», dio entrenatzaileak.
Izan ere, bizi duten baldintzetan, bizirautea da hango lehen helburua: «Pilotaleku bakarra dago, eta bera estali gabea da. Beraz, euria, eguzkia dena hartzen du, eta horrek zorua kaltetu egiten du. Ez da zuek ohituta zaudeten bezalakoa. Gero, materiala, hemendik bidaltzen digutena besterik ez dugu. Hemen, pilota bat izorratzen bada, beste bat bada ordezkatzeko, eta aurrera. Han, bat izorratzen bada -eta horretarako hemen baino askoz ere aukera gehiago izango dira-, hura nola edo hala konpondu behar da, ez baitakigu hurrengo pilotak noiz helduko diren, eta lanean jarraitu behar da», dio Montejok.
Etorkizuna lana eginez bakarrik ikusten du. «Aurrera begira lan eta lan egin behar da, ez dago beste aukerarik. Ditugun gazteei bultzada eman behar diegu, eta horretarako lan handia egin behar da». Kanpoko herrialdeetako laguntza ere eskertuko lukete: «Kanpoko edozein herrialdek laguntzen digula ere ongi hartua izango da. Dominikar Errepublikan pilota jokoa hasten ari da, eta edozein dela ere lagundu nahi diguna, dena onartuko dugu». Hango pilotariek zer-nolako motibazioak dituzten galdetuta, garbi dauka erantzuna: «Munduko Txapelketa, eta Joko Panamerikarrak. Horietan kanpoko pilotariekin neurtzeko aukera dago, eta hori da beren ilusio handiena».
Perezek Munduko Txapelketan jokatu zuen partida 22-16 irabazi zuen Pettigrew kanadarraren aurka. Emozioa handia izan zen, baina maila oso kaskarra, nahiz eta bi pilotariek erakutsi zuten ahalmenak badituztela behar duten trebakuntza jasoz gero. 21 minutu besterik ez zituen iraun, eta 13 tanto egin zituen sakez dominikarrak, eta 11 kanadarrak. Bakoitzak, gainera hiruna sake falta ere egin zituen. Beraz, hor ikus daiteke piloteoan zenbat aritu ziren. Arazoa, ordea, ez da hori, inork ez badie laguntzen, hemendik 40 urtera ere maila bera izango dute, ez dute aurrerapausorik emango, baina jokalariei erakutsiz gero, maila ona har dezakete, izan ere, pilotan aritzeko sekulako gogoak ere badituzte. Pilota indartu nahi bada, laguntza zabaldu beharra dago.