Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
«Homeless»
Etxerik gabeko jendea ez zaigu gustatzen. Gurago dugu guregana ez hurbiltzea. Gurago dugu begirada tristez dirurik ez eskatzea. Gurago dugu ez ikustea, ezkutatzea, gure bizi «arruntetan» molestiarik ez sortzea
Ingeles termino horretatik datorren esamoldea erabiltzen dugu orain guk ere: «etxerik gabeko jendea». Ez da modernitate kontu hutsa. Lehen «pobre» edo «eskale» erabiltzen genuen geure herrietan, baina ez dira gauza bera. Bada jende pobre asko etxe batean bizi dena eta badago etxerik ez daukan jende anitz kaleetatik eskatzen ez duena. Fenomeno gero eta arruntagoa da non bizi ez edukitzea. Bilbon, esaterako, azken azterketen arabera, 1.000 lagun daude egoera horretan. Gainera, ezaugarri eta arrazoiak gero eta anitzagoak dira; horrela, horietatik %20k duela oso gutxira arte lan egiten zuen, eraikuntzan, hain zuzen ere.
Horren aurrean, Bilboko auzokide «arruntek» protesta egiten dute maiz zentro bat euren etxetik gertu zabaldu nahi dutenean. Alkateak, jakina, eurekin bat egiten du, auzokide «arruntek» hauteskundeetan modu «arrunt» batean parte hartzeko aukera gehiago dauzkatela kontuan hartu ostean. Zentro gehiegi zabaltzeak, antza, beste udalerri batzuetako jendea erakartzen du. Justu alboan, Barakaldon, Udalak ez du zentrorik eraiki nahi. Horrela, kaka zuretzat edo niretzat eztabaidatu bitartean, kutxazainak hilkutxak bihurtzen dira.
Gogorra da akaso «kaka» berba? Gutxi gorabehera hori esan nahi izan zuen Botellak Madrilen, kaleak garbitzeko oztopoa zirela adierazi zuenean. Eskerrak gerora konpondu zuela eta denoi gogorarazi zigula bizi erdia eman duela «jende horri» laguntzen. Adibide moduan, metroa itxi zuela barrura lo egitera sar ez zitezen.
Zerbitzu publiko sozialak gero eta pribatuago eta eskasagoak diren honetan, hobe aipatu ere ez egitea. Barakaldoko zinegotziak esan moduan, beste laguntza batzuk eman behar dira lehenago. Agian konponbidea elizak bere gain hartzea izan liteke, lehen egiten zuen legez... Zoritxarrez, Ratzingerrek berak duela gutxi argi utzi zuen Elizak turista, eskale eta erromesen artean ondo ezberdindu behar duela, erromesak, hau da, fidelak, baitira Elizaren ardura nagusia. Monjek ondo engainatu ninduten Elizaren helburu nagusia pobre eta baztertuen alde egitea zela kontatu zidatenean.
Egia da, etxerik gabeko jendea ez zaigu gustatzen. Gurago dugu guregana ez hurbiltzea. Gurago dugu begirada tristez dirurik ez eskatzea. Gurago dugu ez ikustea, ezkutatzea, gure bizi «arruntetan» molestiarik ez sortzea. Beldurra ematen dute. Askoz erosoagoa da ozta-ozta eta ia mirariz ordaindu ahal dugun etxera heldu lanetik, telebista piztu eta ehunka hektarea eta milioika euro balio duten aberatsen etxeak aberatsen ahoetatik aurkeztuta ikustea. Horrelako batean zein ondo biziko ginatekeen ilusioak eginda pasatzen dugu denbora, geure biziak diruz usteldurik dauden horiekin parekatu nahian. Askoz erosoagoa, bai, horrelakoekin amestea errealitatera jaustea baino. Errealitatean, nahi eta nahi ez, etxerik gabeko horiengandik askoz hurbilago eta euren egoeran amaitzeko askoz boleto gehiagorekin jokatzen baitugu lagun «arruntok».
Bai, beldurra ematen dute. Zerbait ezezaguna da, jadanik gure giza taldeko partaideak ez direnak. Ezezaguna eta, hala ere, guregandik hurbilegia. Munduaren txarra irudikatzen duen horrek norberaren patua erraz izan litekeela susmatzearen beldurra sortzen du. Normala ikusi nahi ez izatea. Baina izan, bada.