Guggenheim, Holandako eta Flandriako pintura klasikoen etxe
Bilboko Guggenheim museoa pintura garaikidea jasotzeko ingurune aparta da. Hala, bisitariak gaur egungo artelanak topatzen ditu maiz bertako aretoetan. Gaur, ordea, XVI. mendetik XVII.era bitarteko Holandako eta Flandriako artelanen bilduma jasotzen duen erakusketa irekiko dute: «Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura». Frankfurteko Städel museoak utzitako margolanak dira eta urtarrilaren 23ra arte egongo dira ikusgai.
Maddalen LARRINAGA | BILBO
«Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura» erakusketak 130 artelan biltzen ditu eta horietako asko ez dira Estatu espainolean inoiz ikusgai izan; Jan Vermeer pintore holandarraren «Geografoa» adibidez. Gaurtik aurrera Bilboko Guggenheimen ikusi ahal izango da bilduma, hirugarren solairuan, bost sailetan banatuta: historia-pinturak, erretratuak, ohitura-eszenak, paisaiak eta natura hila.
1568an Habsburgotarren etxearen aurka altxatu ziren holandarrak eta ondorengo hamarkadetan iparraldeko Probintzia Batuek XVII. mendean munduko merkataritza potentzia bihurtzea lortu zuten. Testuinguru horretan, nazio identitate baten sorrerarekin batera, merkatarien elite burgesak bere baloreak eta idealak jasotzen zituen pinturak nahi zituen etxeak apaintzeko. Hori dela eta, margolan gehienak tamaina txikoak dira. Garai horri Urrezko Aroa deitu zion historiografiak.
Bilduma mota hau ekartzea bi arrazoik ahalbidetu dute. Batetik, Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariak atzoko aurkezpenean argitu zuenez, aldian behin mota honetako artelanak izatea gustatzen zaio museoari, jendeari berritasunak eskaintzeko. Eta bestetik, Frankfurteko Städel museoak ateak itxi ditu datorren urtera arte bere azalera handitzeko lanak hasteko. Hala, une ezin hobea zen horrelako bilduma Bilbora ekartzeko, Alemaniako museoak ez baititu mota honetako maileguak egiten. Gainera, Städeleko zuzendari Max Hollein-ek azaldu zuenez, museoarentzako erronka handia izan da obra klasikoak Guggenheim bezalako pinakoteka batean aurkeztea. Izan ere, Bilbora hurbiltzen den ikusleria gaur egungo artea ikusten ohituta dago, ez XVI. mendekoa. Horrek erabaki hori hartzera bultzatu dituela azaldu zuen Hollein-ek.
Guztira 80 artista baino gehiagoren 130 artelan izango dira ikusgai. Jan Vermeer, Rembrandt, Frans Hals, Peter Paul Rubens, Brueghel leinukoak, Rachel Ruysch, Karel van Mander eta Adrien Brouwer-en margolanak, besteak beste.
Ontziak eta fragatak
Aipatu bezala, erakusketa bost sailetan banatuta dago eta genero bakoitzeko egile garrantzitsuenen lanak jasotzen ditu.
Natura hila genero independente gisa ezarri zen XVI. mende amaieran, ia aldi berean Italian eta Herbehereetan. Sail honetan Jan Brueghel Zaharraren lanak ikus daitezke, hala nola «Lore-sorta beirazko murko batean»; edota Pieter de Ring-en «Fruituak eta Berkemeyer bat».
Historia saileko erakusketan leku nabaria eman diote Rembrandt Harmensz van Rijn holandarraren «David harpa jotzen Saulen aurrean» lanari; izan ere, artista honen aurrekoek ezaugarri zuten agertoki landu bat azaltzea, baina Rembrandtek irudien emozio-egoerak adieraztea lortu zuen.
Etsaien mehatxuen sarbide zen arren, Holandarrentzat itsasbazterrak paper garrantzitsua izan zuen XVII. mendean, Errepublikaren ekonomiaren oinarri ziren arrantza eta, batez ere, itsasoko merkataritza zirela eta. Horregatik Holandako zein Flandriako burgesek maiz agintzen zieten artistei itsasoan nabigatzen zebiltzan ontzien irudiak. Gainera, erakusketa honetako gainerako sailetako margolanek baino arrakasta handiagoa izaten zuten. Horien artean Simon de Vlieger-en «Fragata agur tiroka eta bailandra itsaso barean» artelana dago ikusgai.
Koadroak Holandako ekonomiaren historiako dokumentuak direla baieztatu zuen erakusketako komisario, Städel Museum-eko zuzendariorde eta Alemaniako, Flandriako eta Holandako pinturen arte arduradun Jochen Sander-ek. Gainera, erretratuek gizartearen «harrotasuna» islatzen dutela adierazi zuen irudikatutako pertsonaiaren gizarte maila erakusten baitzuten, baita gizartean zituen harremanak ere.
Guggenheimeko bilduman ikus daitezkeen erretratuen artean dira Cornelis de Vos-en «Susanna de Vos-en erretratua» edota, museoak berak azaldu duenez erakusketako maisulanetako bat, «Ekialdeko jantzia daraman gizon bizardun baten burua», Arie de Vois-ena.
Ohitura-eszenak erakusketaren amaieran daude. Irudi horietan maiz erretzaile eta edarizale ageri ziren burgesak, horrelako jarrera doilorretatik berariaz aldentzen baitziren. Askotan bizitza galdu horren adibidetzat nekazariak eta behe mailako hiritarrak irudikatzen zituzten horien gizarte-maila eta burgesen heziketa aberatsa bereizteko.
Mota honetako margolanen aitzindarietako bat Pieter Bruegel Zaharra da, nahiz eta zabalkunde handiena Adrien Browerrek eman zion. Ondorioz, erakusketan azken honen «Zurrutada mikatza» edo «Bizkarrean ebakuntza» ikusteko aukera izango da, beste lan eta autoreen artean.
Aniztasuna
Frankfurteko Städel museoaren filosofiak agintzen duen bezala, bilduma honetan ez da autore bakarrari buruz hitz egiten. Guztira 80 margolariren lanak dira erakusketa osatzen duten 130 obrak.
Filosofia hori heziketarekin lotu daiteke. Izan ere, bertako zuzendariak agertu zuenez, ez dute margolari bakarrari buruz hitz egin nahi, ahalik eta gehienez baizik. Hala, ikusleek ezagutza zabalagoa jaso dezaten lortzen dute, denetatik pixka bat, eta ez bakarrari buruz izugarri.
Alde horretatik, bi mende horietan sortutako obra guztietatik esanguratsuenak biltzen dituzte, autorearen fama edota lan kopurua alde batera utziz. Bilduma anitza lortzea da alemaniarren kezka bakarrenetakoa.
El concurso internacional de ideas para el proyecto Guggenheim Urdaibai no tiene todavía decidido el formato, por lo que la Diputación vizcaina no ha realizado aún una estimación del coste que supondría y que tendría asumir.
Städel museoan jasotzen dituen obra gehienak ez dira bertatik sekula mugitu. Museoaren sortzaile Johan Friedrich Städelek eskatuta, maileguak debekaturik zeuden, baina orain 20 urte inguru zenbait lan Parisen eta Japonian izan ziren.
Alemaniako museoarentzat erronka izan da obra klasiko hauek Guggenheim bezalako pinakoteka batean aurkeztea, ez baita ohikoa pintura klasikoa Bilboko erakustokian.