GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxebestek Easy Jet konpainia salatu du «diskriminazio kasu gehiago ekiditeko»

p016_f02_091x100.jpg

GARA | BAIONA

Biarritzeko aireportuan Easy Jet konpainiak hegaldia hartzen utzi ez ziolako, Zigor Epaitegira jo du Ttotte Etxebestek. Horrela jakinarazi zuen, bere abokatuarekin batera, atzo, Baionako AFP elbarrien elkartearen egoitzan.

1988an, IK-ko militante zela, jendarmeekin izandako aurrez aurrekoaren ondorioz paraplegiko geratu zen urruñarrak ez du nahi «inork antzeko diskriminaziorik jasatea», eta horretarako Bazterkerien Aurkako Goi Agintaritzan ez ezik, Baionako fiskaltzan salaketa juridikoa ezartzea deliberatu du.

Zigor eredugarria

«Kasu gehienetan kalte-ordainak ordaintzen dituzte, baina gure asmoa harago doa, konpainia diskriminazio ekimena egiteagatik zigortzea nahi dugu, nehork ez dezala gehiago pairatu berak jasan behar izan duena», berretsi zuen Anne-Marie Mendiboure abokatuak.

Easy Jet-ek Estatu frantseseko Zigor Kodearen 225/1 artikulua hautsi duela uste du Mendibourek. Diskriminazio jarduerak zigortzen ditu artikuluak eta konpainiako arduradunek «hiru urteko zigorra eta 45.000 euroko isuna» jaso ditzaketela gaineratu zuen.

Jean Paul Beret eta Marcel Estrade APFko ordezkariek sostengua adierazi zioten Etxebesteri. Elbarritasunen bat pairatzen duten pertsonek garraioak erabiltzeko duten eskubidea bermatzen duen legearen urratzea salatu zuten.

Gertaera uztailaren 5ean jazo zen. Paraplegikoa izaki, laguntzailerik ez zuela-eta, Easy Jet-ek ezin zion hegaldia hartzen utzi Etxebesteri. Alta, sei hilabete lehenago beste bat hartua zuen «inolako eragozpenik gabe».

Pariseko ospitale batean hitzordu garrantzitsua zuenez, Air France konpainiako beste hegaldi bat hartu zuen. Easy Jet-ek bidaia-txartelagatik ordaindutakoa itzuli zion, baina ez askoz garestiagoa zen Air Francekoa. Orain, afera epaitegira iristen bada, bestelako zigorra jaso dezake.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo