Aldundiak Pasaiako badia eraberritzeari ekingo dio, kanpo portuari itxaron gabe
GARA |
Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu diputatu Arantza Tapiak «kanpo portuaren eraikitze lanei itxaron gabe» Pasaiako hainbat gune eraberritzeko hirigintza proiektuak martxan jarriko dituztela iragarri zuen atzo. Hala ere, badiaren erabateko eraberritzea portuko jarduera dagoen lekutik atera gabe gauzatzea «ezinezkoa» dela esan zuen; hala, «beharrezko» jo zuen badiaz kanpoko kaiaren proiektua bultzatzea.
Azalpenok Mugikortasun eta Lurralde Antolamendurako batzordean eman zituen atzo diputatuak, Ezker Batuak eta PSEk egindako galderei erantzunez.
Era berean, Tapiak esan zuen ezin dela zalantzan jarri Gipuzkoako Aldundia «badiaren eraberritzearen alde» egiten ari denik, eta orain arte emandako pausoak aipatu zituen horren froga gisa. Zentzu horretan, portuko zerbitzu gunerako Antolamendu Plan Berezia aurrera atera zela gogorarazi zuen Tapiak; Herrerako portu jarduera Navalaldera eraman izana, Gomistegira egindako sarbideak eta lonja berrirako Pasaiako Udalarekin egindako hitzarmena ere nabarmendu zituen. «Posible da, patxadaz eta atalka, kanpo portua eraikitzen hasi baino lehen, eraberritzean pausoak ematea», adierazi zuen Arantza Tapiak.
Aurkako iritziak
Arantza Gonzalez EBko batzarkidea, bestalde, diputatuarekin bat agertu zen eta eraberritzea ezin dela gehiago atzeratu esan zuen. Hala ere, Gipuzkoako Aldundiak Pasaian kanpo portua eraikitzeko apustuari eustearen aurka agertu zen Gonzalez. Bere hitzetan, «zalantza ugari dituen azpiegitura da, bideragarritasun ekonomikoaren eta etorkizunean portuak jasoko duen trafikoaren ingurukoak», esaterako.