Intentzio poetikoei helduta kaleratu du Urko Menaiak bere lehen lan komertziala
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Urte asko daramatza Urko Menaiak (Donostia, 1974) musikaren munduari lotuta. Hari fin batez bada ere -orain arte udara guztiak igaro ditu Donostiako Bulebarrean gitarra eskuan euskal kantagintzako abesti ezagunenak interpretatzen- ez dio inoiz lotura horri etenik jarri.
Euskal kantautoreen eraginaz bustita, «eguneroko langintzaren ondoriotzat» jotzen du Menaiak berak bere izen eta abizenez jantzitako lehen disko komertziala -urte batzuk lehenago euskal kantuez osatutako diskoa atera zuen, bere kabuz-. Euskal kantagintza historikoarekiko lotura estua duela onartu arren, bere azken helburua ez dela pauso berak jarraitzea nabarmendu zuen atzo Fnac saltokian egindako aurkezpenean.
Hala, letretarantz mugiarazi du bera musikari lotua duen hari hori, disko honekin oraindik eta sendoagoa, eta poesiaren atarira eraman ditu bere kantuak. «Abestiak poesiatik datoz, intentzio poetikoak dituzte, eta helburu filosofikoak ere badituztela esatera ausartzen naiz», esan zuen. Bide horretan, berak sortutako letrez gain, Urtzi Urkizuren kolaborazioa ere jaso du.
Idoia Oteiza piano jotzailea eta Luis Fernandez biolontxelo jotzailearekin batera biribildu ditu doinuak, bere aita Mikelen gitarra ere tartekatu dituelarik.
Bederatzi kantuetako lana zuzenean aurkeztuko du hilaren 17an Donostiako Bukowskyn; azaroaren 11n Donostiako Fnac-en eta 16an Bilbokoan; abenduaren 7an Durangoko Azokako Ahotsenean; eta abenduaren 10ean Donostiako Dokan.
Disco: «Lovin' Gaztea».
Artistas: Varios.
Concepto: Veinte canciones con temática alrededor del amor y los sentimientos.
Tiendas: Ya a la venta.
Izenburuak: «Urko Menaia».
Kantu kopurua: Bederatzi.
Musikari laguntzaileak: Idoia Oteiza (pianoa, sintetizadorea), Luis Fernandez (biolontxeloa), Mikel Menaia (gitarra).