GARA > Idatzia > Ekonomia

Elikadura izango da aurtengo Lurrama erakustazokan bereziki landuko duten gaia

Egitarau aberatsa dakar aurtengo Lurramak, laborantza mundua eta hiritarrak hurbiltzea xede duen erakustazokak. Urriaren 29tik 31ra irekiko ditu ateak Baionan, eta aurtengo gai nagusia elikadura izango da.

p028_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

«Janari ona, sanoa eta tokikoa» zer den jakiteko parada ezin hobea eskainiko du aurtengo Lurrama erakustazokak. Izan ere, iaz urarekin egin zuten bezala, urriaren 29tik 31ra Baionako Elkarteen Etxean izango diren ekimen anitzetan leku garrantzitsua beteko du elikadurak.

Ostiraleko eta larunbateko mahai-inguruetan gai hori jorratuko dute, dela Nekazaritza Politika Komunaren erreformarekin lotuta, dela lekuko ekoizpen biologikoak sukaldaritza kolektiboan eta ostatuko menuetan nola txertatu aztertzeko. Elikadura sendagai moduan hartuta ere mintzagai izango da euskaraz izango den mahai-inguruan.

Hitzaldi bat ere izango da, Pariseko Descartes unibertsitateko Dominique Belpomme ikertzaile eta kantzerologoaren eskutik. Bera izango da aurtengo Lurramako «aitabitxia» eta elikadura, pestizidak eta osasuna gaitzat hartuta, «aitzinean ditugun erronkak, batez ere, belaunaldi gazteenak» azalduko ditu.

Berrikuntzak

Mintzaldietan ez ezik, gainerako ekimen askotan ere gai zentrala izango da era pedagogikoan edota ludikoan, gaztetxoentzat eta gainerakoentzat ere, prestatu dituzten hainbat tailer, erakusketa eta jokoetan.

Urteroko egitaraua aberasteko berrikuntza batzuk ere izango dira aurten. Horietako bat sukaldaritza tailerrak izango dira. «Aspaldiko asmoa da eta aurten, batik bat gaia elikadura denez, saihestezina zen ekimen hau» adierazi zuen Maryse Cachenaut Lurramako lehendakariak.

Horrela, AAPrA elkarteak (Akitanian nekazaritzako elikagaiak bultzatzeko erakundea), ekoizle bat eta sukaldari ezagun bat elkartuz, hiru egunetan hamabost bat tailer ireki antolatu ditu.

Gainera, aurrerantzean estatu frantseseko beste eskualde bat ezagutzeko aukera ematea deliberatu dute. Aurten, Dordogne-Perigord izan da gomitatua eta bertako nekazaritzaren ezaugarriak ez ezik, hango ekoizpenak eta janariak ere ekarriko dituzte Baionara. Hango chef batek ostiral arratseko afaria prestatuko du ekoizpen biologikoekin 250 lagunentzat.

Egitarau aberatsa

Ohi bezala, hiru egunetan zehar, animazio anitz izango da, besteren artean, txarangak, dantza, azoka Euskal Herriko ekoizleekin, kabalen erakusketa, gaznen lehiaketa, larunbateko zikiroa, igandean sukaldari handiek bertako produktuekin prestatutako bazkaria, jokoak, buruhandiak eta estropadak Errobin. Egitarau osoa www.lurrama.com helbidean aurki daiteke.

Azokak ostiralean irekiko ditu ateak, goizeko hamarretan. Sarrera hiru euro ordaindu beharko dute 15 urtetik gorakoek (19.30etik goiti kitorik izango da sartzea). Lurrama guneko animazio eta ekimen guztiak, otorduak ezik, doakoak dira.

Ekimen horiek guztiak aurrera eramateko 600 boluntarioren beharra dutela nabarmendu zuten antolatzaileek, lagundu nahi duenak arestian aipatu webgunearen bidez izena ematen ahal duela aipatuta.

bAserria hiriAN

Euskal Herriko Laborantza Ganberak bultzatuta sortu zen Lurrama 2006an. Laborantza iraunkorra eta herritarra sustatzeko baserri mundua eta hiritarrak harremanetan jartzea du helburu.

parte hartzeA

Hasiz geroztik, milaka bisitari izan ditu Lurramak. Iaz 25.000 izan ziren Baionako Glain guneko Elkarteen Etxera hurbildutakoak. Antolakuntza lanetan 600 boluntariok parte hartzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo