Urtea betetzen duten 31 lekunberriarri jaietako zapia jarriko diete gaur
Jaiak atzo hasi eta gaur Haurren Eguna ekarriko dute Lekunberrira. Herriko txikienei zapia jarriko diete eguerdian, eta ez da edonolako hitzordua izango, aurten 31 baitira 2010ean urtea bete eta jaietako zapia lehendabizikoz jantziko duten lekunberriarrak. Hurrengo egunei begira, bestalde, jai-zubia izanik, giro handia espero dute antolatzaileek. Herri bazkariak, esaterako, 400 lagun inguru bilduko ditu astelehenean.
Nerea GOTI |
Lekunberriko hazkunde demografikoak zifra itzelak erakusten ditu, batez ere jaiotzei dagokienez. Natalia Azkona Kultura zinegotziak berak nabarmentzen duenez, «herrian haur piloa dago» eta horren froga da jaietan, inguruko herrietan bezalaxe, tradizioa jarraituz ospatzen duten ekitaldia, azken boladan hautagai mordoa izaten baitute zapia jartzeko. Iaz 24 inguru izan ziren 2009an urtea bete eta ekitaldian parte hartu zutenak, eta gaur hogeita hamaikari jarriko diete zapia lepoan, 2010ean urtea betetzen dutelako.
Herriko jaiak, bestalde, hotz hasi dira eguraldiari dagokionez, baina tenperatura igotzea espero dute. Azkonaren esanetan, iragarpenek euriaren berri ematen dute, eta hori dela eta, prest dute karpa handi bat herriko plazan.
Hala ere, jai zubia izanik, parte hartze handiagoa aurreikusi dute aurten. Izan ere, astelehenean herri bazkaria izango da plazan eta txartelak dagoeneko agortuta daude. Karparen babespean, 400 lagun baino gehiago bilduko dira menu goxoa jatera: paella, entsalada eta izozkia. Beste asko parte hartu nahi eta ezin geratu dira. Azkonak azaldu duenez, arazoa da eguraldi txarra dakarrela eta karpak ez duela gehiagorako ematen.
Jai egitarauak hurrengo lau egunerako dakartzan proposamenen inguruan, bestalde, Azkonak biharko pilota partida profesionalak nabarmendu ditu. Martinez de Irujo eta Ladis Galartza bikotea Aritz Lasa eta eta Barriolaren kontra neurtuko dira 17.00etatik aurrera. «Partida ikustera etor daitezela», egin dute deia Udaletik.
Horrekin batera, Ardo Eguna nabarmendu du. Nafarroako Jatorrizko Izendapeneko 8 upeltegi bilduko dira Lekunberrin eta bi dastatze saio egingo dituzte, bata 11.00etan eta bestea 12.30ean.
Berrikuntzen atalean, diru murrizketak ere aipatu behar dira. Krisialdia dela eta, jaietako aurrekontuak %15 eta 20 arteko jaitsiera izan du.