Instituzioaren gaia Pauen eztabaidatzea nahi du Baterak
Parisen lurralde elkargoei buruzko erreforma bozkatzekotan direla-eta, Baterak ondoko hilabeteei begira dituen «erronka» nagusien berri eman zuen atzo. Besteak beste, Paueko Kontseilu Nagusian, 2011ko martxoa aitzin, Ipar Euskal Herriko «etorkizun instituzionalari» buruzko eztabaida abiaraztea eskatu du. 2013an, erreforma martxan jarri ondotik deus finkatua ez dagoenez, lurralde elkargoaren definizioan «aurrerapausoak» ematera deitu dute.Ainize BUTRON |
Irailaren 28an bozkatu zen frantses Gobernuan lurralde kolektibitateen edo Balladur deitu erreforma. Testuak oraindik diputatu eta senatari guztien adostasuna lortu ez badu ere, Bateraren esanetan, «testua aplikatua izanen da, eta, dagoen bezala aterako da».
«Komisio berezia sortu dute testu bateratua adosteko. Ondotik, berriz ere, Senatutik eta Parlamentutik pasako da, baina, diputatuek izango dute azken hitza», zehaztu dute Baterako kideek.
Erreforma aurrera doan heinean, Baterak «lurralde elkargo» baten aldarrikapenaren bidean lanean jarraituko zuela goraipatu dute. Ondoko hilabeteei begira, hainbat «erronka» aipatu dituzte, eta, horien artean, Kontseilu Nagusiari begira egin duten lana. 2011ko kantonamenduetako hauteskundeak iragan aitzin Pauen izanen den Biltzar Nagusi batean Ipar Euskal Herriaren «etorkizun instituzionalari» buruzko eztabaida irekitzea nahi zutela argitu zuen atzo Jakes Bortahiru Baterako kideak. «Ordezkari politiko askorekin harremanak izan ditugu, eta, horien artean kontseilari nagusiekin. Ongi hartu gaituzte. Horrek adierazten du, martxoan izandako kontsultak bere pisu politikoa daukala», nabarmendu zuen. Erreforma berri horrekin sortuko den «huts juridikoa» kontuan harturik, «elkargoaren gaia eztabaidatzeko garaia» iritsi dela esan zuen.
«Eztabaida sortzearen eskaera zuzenean eginen diogu Jean Castaings buruari. Kontseilu Nagusiak ez du gai horretan erabakirik hartzeko eskumenik, baina, ez da sekula gai hori eztabaidatu», gaineratu zuen atzokoan.
Definizio zehatza
Daniel Olzomendi Izurako auzapezak, bestalde, «lurralde kolektibitatearen definizioan aurrerapausoak» eman behar direla aipatu zuen. Uztailean Hautetsien Kontseiluak lan talde bat osatu zuen lurralde elkargo baten ibilmoldea ikertzeko. Definizio horretan kontuan hartu beharreko hiru puntu nagusi azaldu zituen: bozka zuzeneko egitura, zergak biltzeko ahala, eta, konpetentziak izatea.
Urriaren 19an izanen da, Hautetsien Kontseiluko lan taldearen ondoko bilera.
Erreformak dagoen bezala jarraitzen badu, 2013ari begira, «Pays» deitu egituraren legezko izaera desagertuko da. «Biharko Ipar Euskal Herria ez da ziurtatua, argi da zerbait behar dela», esan zuen Baterak.