GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

NDF: nork du «ataka honetatik» atera beharra?

Gaindituta omen zegoen krisialdi ekonomikoa, hiru urteren ondoren, ez dago gaindituta. Horixe adierazi zuen atzo Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari-gerente Dominique Strauss-Kahnek erakunde horren urteko batzarrean: «Oraindik ez gara ataka honetatik atera». Eta oraingoan iragarpen hori ez dute neoliberalismoaren kontrako «adur txarreko txoriek» egin, sistema horren zaindari batek baizik, eta esandakoak ez ditu ustekabean hartuko herritar arruntak; nolanahi ere, herritar horiek ez dira NDFren kezka nagusia, jakina, baina «irakaspen argi» baten berri eman zuen: NDFk berak aholkatutako neurriek ez dutela hazkunde ekonomikoa behar beste sustatu. Eta ekonomiaz tutik ere ez dakien munduko edozein langilek dakiena ere «deskubritu» zuen Strauss-Kahnek, alegia, enplegua sortzen ez bada, herritar arruntentzat berpizte ekonomikoa hutsaren hurrengoa dela, hain zuzen. Baina, esan bezala, herritar horiek ez dira NDFren kezka nagusia, hazkunde modu berriak bilatzea baizik; izan ere, sistema harrapari hau zenbait gizarte sektoreren eskasiatik elikatzen da, eta gizarte sektoreak pobretu ahala, elikagaia urritu egiten zaio. Kontraesan hori du kezka nagusi.

NDFko zuzendariari ñabardura bat ahaztu zitzaion atzoko batzarrean: «ataka honetatik» atera beharra nork duen zehaztea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo