GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Denak ala inor ez

Antza denez, ETAren azkenaldiko ekintzek gaitzespen arrunta baino zerbait sendoagoa merezi dute eta EAJko buru Iñigo Urkulluk erakunde armatuaren kontrako manifestazioa eskatu dio Adierazi EH! mugimenduari. Eta denek ulertu dute, eta denok ulertu dugu, ezker abertzaleari eskatu diola; ezker abertzale tradizional, historiko, legez kanpoko, bere buruari hala esaten dion... horri, alegia. Azken aldiko ekintza bortitzenak ez dago gaitzesterik, haien egileek ez baitituzte beren gain hartu; nolanahi ere, premiazkoa iruditzen zait horiek bukatzea gaitzestea baino.

Kontua da arrakasta itzela izan duela Urkulluren deiak. PSEEEko bozeramaileak -Madrilgo Gobernuan dagoen eta Guardia Zibilaren ardura duen alderdikoak- begi onez ikusi du Urkulluren proposamena eta bere alderdiak deitzeko esan dio jeltzaleen buruari. PP ere ideia original horren alde agertu da, EAJk deitzen badu, eurak ere joango direla esanda.

Taktika bikaina. Egingo nuke EAJk eta ezker abertzaleak adostuta zeukatela. Bihar, igandearekin, EAJk ETAren kontrako manifestazioa deituko du, datorren larunbaterako. PSEk eta PPk bat egingo dute deialdiarekin -eta Madrilgo ordezkaritzak joango direla iragarri-, eta berehala UPD, Falange Española, España y Libertad eta abarrek. Datorren ostegunerako polizia guztien sindikatuek eta epaileen elkarteek beren sostengua adieraziko dute, baita George W. Bushek eta Belen Estebanek ere baterako agiri baten bitartez. Eta ostiralean, Batasunak, EAE-ANVk, Segik eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak manifestaziora joateko deia egingo dute. Horren berri jakin bezain laster, Ares sailburuak Ertzaintzak ordurako prest izango duen txostena bidaliko du Auzitegi Nazionalera eta hark, ezinbestez, debekatu egingo du mobilizazioa, «ETAren estrategia sostengatu eta erakunde horren ekintzak justifikatzeagatik».

Une horretan, alderdi eta erakunde guztiak legez kanpo ezartzeko prozedura abiatuko da. Hilabete bakan batzuk barru, denak legez kanpokoak izango dira eta politika egiteko aukera berbera izango dute. Ezker abertzalea legeztatzerik ez badago, denak legez kanpo ezartzea da biderik demokratikoena.

Azken ordukoa: nire iturrien arabera, baliteke ETAk ere bere kontrako -eta bere estrategiaren mendeko- manifestaziora deitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo