GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Nazabalek Txapeldunen Ligako Kopa ere nahi du

Etxarrikoak Liga eskuratu du, eta bigarren txapelari ere ez dio ihes egiten utzi nahi. Arrospiderekin, Lopezekin eta Larretxearekin neurtuko da bihar Pobesen.

p043_f02.jpg

Jon LEUNDA

Floren Nazabalek txapelak pilatzen jarraitzeko beste aukera bat izango du bihar eguerdian, 12.00etatik aurrera Pobesen, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako Kopako finalean. Gertatzen dena gertatzen dela ere, txapel bat, behintzat, seguru jantziko du Etxarriko aizkolariak, izan ere, Liga berak irabazi baitu. Garaipen horri dagokion txapela eta kopa, bihar bertan jasoko ditu. Baina Kopako finala irabazteko ere faborito nagusia bera izango da.

Etxarrikoarekin batera, Ligako lehen lau sailkatuak arituko dira: Arrospide, Lopez eta Larretxea, alegia. Lehiaketa hauetan ohikoa den moduan, proba ezberdinak egin beharko dituzte, eta denetara denborarik gutxien erabiltzen duenak eramango du txapela.

Hasteko, aizkolari bakoitzak 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan erdibitu ikusi beharko da. Eta jarraian, tamaina bereko enborra erlojuz kontra moztu beharko dute.

Gero, kana-erdiko enborra moztu beharko dute zutik jarrita; eta segidan, 45 ontzako enborra zutik zein etzanda jarrita. Azken-aurreko enborra 60 ontzakoa izango dute, eta amaitzeko bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu aizkolari bakoitzak.

Nazabal da faborito nagusia. Joan den igandean Nafarroako txapela eskuratu zuen, eta astebetean hiru janzteko aukera galanta izango du. Ligan ere saio guztiak bereganatu ditu, eta ezbeharren bat gertatu ezean, zaila dirudi bera mendean hartzea.

Harri-zulatzea

Sei talderekin jokatuko da bihar, 13.00etatik aurrera Gallartako plazan, Euskal Herriko taldekako harri-zulatze Txapelketa. Bertan Euskal Herriko Ligako sei onenek hartuko dute parte, eta honako hauek izango dira: Txorierri, Burdin Gazteak, Kabiezes, Trapagaran, Gallarta eta Las Karreras.

Txorierri izan da Ligako talderik onena, eta beraiek izango dira bihar jokatuko den finala irabazteko faborito nagusiak. Dena dela, saioa egun bakarrera jokatzen denean ezusteak izateko aukera gehiago izaten da, eta Burdin Gazteak ahaleginduko da Ligan lortu ez zuen txapela bereganatzen.

Bestalde, bihar 18.00etatik aurrera, lehenengo gizon-proba lehiaketa jokatuko da Aiako probalekuan. Aiztondo, Heklu, Usurbil eta Urretxu neurtuko dira nor baino nor. Talde bakoitzak 680 kilo pisatu ahal izango ditu. Hori gaindituz gero, kiloko bi kilo erantsi beharko zaizkio harriari. Harria 900 kilokoa izango da, eta 20 minutu izango dituzte lanean aritzeko.

Bestetik, Jutsiren eta Urruñaren arteko desafioko itzulerako neurketa gaur jokatuko da Azkaineko pilota plazan 19.00etatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo