GARA > Idatzia > Kultura

Elgoibarko atsotitzen maratoia: 6.000 esaera zahar 600 lagunen ahotan, hamar orduz jarraian

Elgoibarko udaletxea jendez gainezka egon zen atzo egun osoan. 600 elgoibartar sartu ziren udalbatza aretoan txandaka, bertako seme Gotzon Garatek bildutako 6.000 atsotitzak zuzenean irakurtzeko.

p049_f02_97x60.jpg

Maddalen LARRINAGA | ELGOIBAR

Elgoibarko udaletxeko ataria eta eskailerak gaztetxoz beterik zeuden atzo goizean, eta bozgorailuetatik atsotitzak entzun ziren egun osoan. Izan ere, Gotzon Garate idazle, hizkuntzalari, jesulagun eta euskaltzale elgoibartarra orain bi urte hil zen, eta hark bizitza osoan landutako «Atsotitzak» liburua hartu zuten 600 irakurleren artean omenaldi txiki gisa.

Herritar bakoitzak minutu bat zuen hiruzpalau esaera mikrofono aurrean irakurtzeko. Lanean lehenengoetarikoak Elgoibarko ikastetxeetako ikasleak izan ziren. Goizean DBHko eta Batxilergoko ikasleen txanda izan zen. Udalbatza aretoan eta eskaileretan urduritasuna nabaria zen nerabeen artean eta irakasleak ere ez zebiltzan oso lasai, 60 ikasle zaindu behar baitzituen bakoitzak.

Mutil batek, adibidez, esaera irakurtzen ari zela, ez zuen ongi ulertu haren esanahia eta harridura aurpegia jarri zuen, hala ikaskideen barreak sortuz. Beste batzuek lagunen aurrean irakurtzeak lotsa ematen ziela aitortu zuten. Baina denak gustura aritu zirela azaldu zuten, agian eskolak galtzearen ondorio izango zen poz hori.

Maratoi honen antolatzaileek azaldu zutenez, herriaren parte hartzea bikaina izan zen, ia 600 pertsonak egin baitzuten irakurraldia. Horien artean, herritarrak, herriko elkarteak (Elgoibarko Izarra euskara elkartea, Haritz dantzari taldea, AEK euskaltegia edota Txankakua merkatari-elkartea, adibidez) eta bertako eskola eta institutuetako ikasleak aritu ziren esaera zaharrak irakurtzen; horiek bost orduko lana izan zuten atzo.

Herrian atzo egun arrunta zen arren, udaletxe kanpoko Foruen plazan irakurleen ahotsak entzuten ziren etenik gabe. Egunak aurrera egin zuen eta azkenik amaiera ekitaldia iritsi zen. Une horretan Gotzon Garateren senitartekoen txanda iritsi zen. Elkarrizketak ematea atsegin ez duten arren, bere anaiaren lana irakurri zuen Jenaro Garatek eta jarraian, Elgoibarko Izarra elkarteko lehendakari Ane Zabalak eta herriko alkate Alfredo Etxeberria Muruak ere hitz gutxi batzuk esan zituzten.

Ekitaldi honen oinarria Gotzon Garate eta bere lan mardula izan arren, Elgoibarko Udalak argi utzi nahi izan zuen ez zela idazleari egindako beste omenaldi bat. Euskararen inguruko kultur eskaintza bat baizik. Baina, datozen urteetan ekimen honekin jarraitzeko asmoa dutela azaldu zuten eta, agian, zenbait aldaketarekin: «Datorren urtean beste zerbait egingo dugu, desberdina. Baina oraindik definitzeke dago dena», iragarri zuen antolatzaileetako batek.

Hilabete honetarako hiru hitzaldi antolatu dituzte: Andoni Egañak «Mende laurdena bertsotan» hitzaldia emango du hilaren 20an. Anjel Lertxundik, berriz, «Euskara. Nire errepublika», hilaren 27an, eta Anari abeslariak hitzaldi-kontzertu bat eskainiko du, «Kantuaren gainean, eta...azpian» izenekoa, azaroaren 3an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo