GARA > Idatzia > Ekonomia

Armintzako BIMEP proiektua ez dela «ez iraunkorra ez ekologikoa» esan du Eguzkik

«Energia berriztagarri» izenpean irabazi ekonomikoak helburu dituzten proiektuak garatzen direla salatu du Eguzkik. Armintzako plataformak ingurumenean ondorio kaltegarri ugari izango dituela baieztatu du.
p028_f01_097x096.jpg

Amaia ZURUTUZA | ARMINTZA

Bizkaian olatuen energia erabiliz energia elektrikoa sortzeko plataforma eraikitzeko baimena eman zuen Estatu espainiarrak joan den ekainean. Zehazki, Armintzako kostaldean Biscay Marine Energy Plataform (BIMEP) izeneko azpiegitura eraikiko dute. Hain justu, iragan asteazkenean hasi eta atzo arte Barakaldoko BEC gunean Itsas Energiari buruzko Nazioarteko Batzarra ospatu dute.

Horren harira, Eguzki mugimendu ekologistak prentsa agerraldia eskaini zuen atzo Armintzan, BIMEP proiektua baztertu eta gaur egungo «neurriz kanpoko» energia kontsumoaz hausnarketa sakona egin dadin exijitzeko. Lehenik eta behin, Armintzako BIMEP delakoa «energia berriztagarri» izenpean garatuko den arren, «irabazi ekonomikoak» helburu dituen beste proiektu handi bat dela salatu zuen Eguzkik. «Ez dugu hitz egiteagatik hitz egiten», adierazi zuten, «proiektu hori ez baita ez iraunkorra ez ekologikoa».

Batetik, proiektuak ingurumenean izango duen eraginaren inguruko azterketarik zergatik ez den egin galdetu zuten. Zentzu horretan, Armintza inguruko bizilagun nahiz ekologistei proiektuaren inguruko informaziorik ez dietela eman salatu ostean, publiko egin duten informazio apurra kezkagarria dela esan zuten. Besteak beste, nekazaritza lurrak desjabetuko dituztela adierazi zuen Eguzkik eta proiektuaren bultzatzaileek Lemoiz-ko zentral nuklear zaharreko eremua erabiltzeari uko egin diotela, hori egiteak nekazaritza eremuen okupazioa txikituko lukeen arren.

Era berean, BIMEPek eskuraturiko energiaren %20 erabiliko lukete Armintza hornitzeko, gainerakoa sare orokorrera bideratuko lukete eta birbanaketa horretan energia galera «garrantzitsua» gertatuko litzatekeela esan zuen mugimendu ekologistak.

Bestalde, Armintzako proiektuak inguruko arrantzaleek eskura duten azken kala arriskuan jarriko lukeela adierazi zuten, baita itsaslabar eta nekazaritza eremu ugari suntsituko lituzkeela ere. Begi-inpaktua, uraren berotzea eta sedimentuen kutsatzearen ondorioz floran eta faunan gaitzen sorrera izango lirateke, Eguzkiren esanetan, proiektu honen beste ondorioetako batzuk.

Orain arteko datuen arabera, zortzi kilometro karratu plakaz beteko dituzte Armintzako portu parean (1.500 metrora) eta azpiestazio transformatzailearentzat 10.000 metro karratu beharko dituzte.

Energiaren Euskal Erakundeak eta Lakuako Gobernuak gainera, sistema honen bidez Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako energia kontsumo osoaren %6 eta 10 artean bete nahi dutela adierazi dute. Horregatik, kopuru hori erdiesteko kostaldeko zenbat metro karratu okupatzeko asmoa duten galdetu zuen Eguzkik. Funtsean, zergatik ez den proiektu txikiagoen eta ingurumenean eragin apalagoa duten proiektuen alde apustu egiten galdegin zuen, horrela energiaren produkzioa deszentralizatzeko.

ENERGIA KONTSUMOA

Herritarrek «neurrigabeko» energia kontsumoaz eta honek ingurumenean dituen ondorioez benetako eztabaida sor dadin exijitzea beharrezkoa da, Eguzkiren iritziz.

ONDORIOAK

Armintzako BIMEPen ondorioz, besteak beste, nekazaritza lurrak nahiz itsaslabarrak suntsitu eta sedimentuak kutsatuko dira. Proiektu txikiagoak eta ingurumenean eragin apalagoa izango dutenak defendatzen ditu Eguzkik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo